Aurreko astean atseden hartu ondoren, leihara bueltatuko dira Hernaniko batelak, asteburu honetan. Zita bikoitza izango dute, gainera, Gipuzkoako Batel Ligaren baitan: Errenterian ariko dira gaur, eguerdiko 12:00etan hasita; eta Arabako Legution bihar, goizeko 10:30etatik aurrera. Igandekoa Getarian zen jokatzekoa berez, baina lekuz aldatu dute eguraldi iragarpenagatik.
Bukaerara iristen ari da Batel Liga, eta une honetan, sailkapeneko zazpigarren postuan daude Hernaniko neska infantilak eta neska kadeteak.
"Oso estropada txukuna" 'Maialen'ek, Oriako Jaitsieran
Aurreko asteburuan jokatu zena, Oriako Traineru Jaitsiera izan zen; eta bertan aritu zen Hernaniko 'Maialen' trainerua, beste urte batez. Oztopoak tarteko, 11garren sailkatu zen: "Pausoz pauso ari gara. Taldeak baja asko dauzka aurten, ikasketak edota lesioak tarteko. Baina oso estropada txukuna osatu eta pozik bukatu zuten neskek. Gainera, bost arraunlarik egin zuten debuta traineruan. Sentsazio onak izatea zen helburua, eta hori ondo baino hobeto bete genuen", azaldu du Asier Ocon entrenatzaileak.