Ez da urte hasiera erraza izaten ari Hernanirentzat, errugbiko Ohorezko Elite Mailan. Azkeneko bost partiduak galdu dituzte trikoloreek, aurreko zortzietatik zazpi irabazi ondoren. Suspertzeko ordua dute, igoeraren lehiara berriro engantxatuko badira.
Sant Cugat liderraren bisita jasoko dute bihar Landaren, eguerdiko 12:00etan hasita; eta bitxia badirudi ere, akaso horixe dute susperraldirako aukerarik onena. Kataluniarren kontra jaso zuten denboraldi hasierako porrot bakar hura, eta zergatik ez hasi norabidea aldatzen juxtu haien kontra? Gainera, gerora Kopan aritu ziren aurrez aurre, orduan ere Sant Cugaten; eta trikoloreak nagusitu ziren (29-35). Eta horri gehitu behar zaio, liderra ere ez dagoela denboraldiko unerik onenean, azkeneko bi partiduak galtzetik baitator.
Erabakigarria izan daiteke biharko partidua Hernanirentzat, arre edo so. Irabazita, bete-betean sartuko da play offeko lehian, animoz eta konfiantzaz gainezka. Porrotak, aldiz, ia jokoz kanpo utziko lituzke trikoloreak, kontrario zuzenek garaipena lortuz gero. Horixe saihesteko beharko dute zaleen bultzada, beste behin.
Biharkoaren ondoren, beste lau partidu bakarrik faltako dira liga bukatzeko. Hernanik Madrilera egin beharko ditu bi irteera, Las Rozasen eta Cisnerosen kontra aritzeko; eta Gernika eta Fenix hartuko ditu Landaren. Bosgarren dira trikoloreak, 33 punturekin, Las Rozas seigarrenarekin berdinduta; eta aurretik dauzkate Fenix (36), Pozuelo (39), Gernika (40) eta Sant Cugat (40). Iritsi da denboraldiko momentu klabea.