Atsegindegin elkartuta, asteazken arratsaldean egin zuen agerraldia Hernaniko Greba Batzordeak, martxoaren 17ko Greba Orokorrari begira; eta bat egiteko deia luzatu die herritar guztiei. Egun horretarako, hainbat ekimen prestatu dituzte herrian bertan, eta parte hartzeko deia luzatu dute.
Horrela, goizeko 05:30etan elkartuko dira Zinkoenean, greba egunari hasiera eman eta piketeak antolatzeko. Ondoren, 08:30etatik aurrera zabalduko dituzte aldarrikapenak, herrian zehar; eta 11:30etan Donostiako Anoetako estadiotik abiatuko den zutabera joko dute, hiriburuan egingo den manifestazioarekin bat egiteko.
Arratsaldean berriro elkartuko dira Zinkoenean, Greba Orokorraren aldarrikapenak zabaltzeko; eta 18:30etan manifestazioa egingo dute, Floridako San Jose Obrero elizatik abiatuta.
Agerraldian bertan azaleratu zituzten aldarrikapen horietako asko eta grebara jotzeko arrazoiak: «Patronalak ez du gutxieneko soldata duinik nahi Hego Euskal Herriko langileontzat, eta uko egin dio sindikatuek zabaldu nahi izan duten negoziazio mahaiari. Bestalde, Nafarroako Parlamentuko mahaiak, eta EAEn EAJk zein PSE-EEk, atea itxi diote 140.000 herritar baino gehiagoren sinadurek babestutako Herri Ekimen Legegileari, gobernuen eta patronalaren aliantza sendoa agerian utziz».
Zentzu horretan, adierazi zuten «bizitza etengabe garestitzen» ari dela, baina soldatak ez direla neurri berean igo. «Langileok eros ahalmena galdu dugu, eta gero eta pertsona gehiago ari da pobretzen, bereziki emakumeak, gazteak eta migratutako pertsonak».
Horregatik, aldarrikatu dute ez dutela onartuko «inork bizitza duinerako nahikoa diru sarrera ez izatea, gutxi batzuek irabazi errekorrak dituzten bitartean. Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata behar dugu aberastasuna banatzeko».