Aste Santuko oporraldirako, kirol eskaintza zabala prestatu du Hernaniko Udalak: nerabeei zein gazteei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu, martxoaren 30ean hasi eta apirilaren 10era bitarte.
Doakoak izango dira denak, baina izena eman beharko da aldez aurretik. Datorren astelehenean zabalduko dute apuntatzeko epea, martxoaren 29ra arte, honako helbidean: labur.eus/udaberrikokirolikastaroak. Plazak mugatuak izango dira, eta betez gero, zozketa egingo dute.
Eskalada, BTT eta piragua, bi adin tartetarako
Bi adin tarte bereizi dituzte, kirol ikastaro horietan. Horrela, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat prestatu dituzte lau jarduera. Aurrena, eskalada eta BTT ikastaroak egingo dituzte, biak ere martxoaren 30etik apirilaren 3ra: BTT ikastaroa goizez, 11:00etatik 12:30etara; eta eskalada arratsaldez, 15:30etatik 17:00etara. Apirilaren 4an, berriz, eskalada irteera egingo dute, goizeko 10:00etatik 11:30etara. Eta oporraldiko bigarren astean, azkenik, piragua ikastaroa izango da: apirilaren 6tik 10era, arratsaldeko 15:30etatik 17:00etara.
18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat antolatu dituzte beste hiru jarduera, antzekoak. Haiek ere martxoaren 30etik apirilaren 3ra egingo dute eskalada ikastaroa, 17:00etatik 18:30etara; eta eskalada irteera apirilaren 4an, 11:30etatik 13:00etara. Modu berean, piragua ikastaroa izango dute apirilaren 6tik 10era, 17:00etatik 18:30etara.
Kaxkardik gidatuko ditu jarduera guztiak, euskeraz.