Nobedadeekin dator Tilos 7 Pasa txapelketa, eta izenematea zabalik dago martxoaren 27ra arte

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 12a

Eli Pagola pelota jotzeko prest, Maialen Lujanbio eta Ainhoa Urien begira dituela, iazko finalean. Aurten bi maila izango dira nesketan.

Bost kategoria izango dira aurten, nesketan bi maila bereizi baitituzte. 40 euro dira bikoteko. Martxoaren 30ean hasiko da txapelketa.

Hutsik egin gabe, hemen da Tilos 7 Pasa pala txapelketa herrikoia, eta nobedadeekin dator 15garren edizioa. Izan ere, kategoria bat gehiago izango du aurtengoak, nesketan bi maila bereizi baitituzte. Hori horrela, honakoetan izena eman dezakete partehartzaileek: txapelketa herrikoia, nesken lehenengo edo bigarren maila, eta mutilen lehenengo edo bigarren maila.

Dagoeneko zabalik dago apuntatzeko epea, eta martxoaren 27ra arte izango da horretarako aukera. 40 euro dira bikoteko, eta txapelketako kamixeta emango dute opari. Izena emateko, 615 004 469 telefonora idatzi behar da, eta ordainketa egin, izen-abizenak zehaztuta, ondorengo kontu korrontera: ES10 3035 0025 8302 5012 7658.

Kamixetari dagokionez, zehaztu dute partehartzaile bakoitzari ez daukan kolorekoa emango diotela, lehengo urtetik kamixeta daukatenen kasuan. Alegia, urdina daukanak gorria jasoko du aurten, eta alderantziz. Datorren urtean, berriz, partehartzaile berriei bakarrik emango diete kamixeta.

Martxoaren 30ean hasiko dira partiduak, eta bi hilabetez luzatuko da txapelketa, Tilosetako frontoian. Finalak, aurreratu dutenez, maiatzaren 30ean jokatuko dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!