Ponferradan jokatu zen, duela bi aste, Espainiako Taldekako Mus Txapelketa; eta 'Langostinos' taldea izan zen nagusi. Horraino notizi nabarmenik ez gurean, ez balitz langostinoetako bi hernaniarrak zirelako: gipuzkoarrez eta nafarrez osatutako taldeak lortu zuen garaipena, eta talde horren parte izan ziren Inhar Oskoz eta Gorka Lekuona.
Talde bakoitzeko bost bikote aritu ziren lehian, eta partehartzeari eta mailari dagokionez, txapelketa garrantzitsuenetakoa izan zen Ponferradakoa: denera 450 partehartzaile elkartu ziren bertan, eta sekulako maila izan zuen torneoak. Lehia bizia izan zen hasieratik bukaerara.
Testuinguru horretan, bikain moldatu ziren Oskoz eta Lekuona, eta horri esker, garaipena lortu zuen taldeak. Gipuzkoarrak eta nafarrak sailkapeneko buru izan ziren txapelketaren hasieratik, eta lidertzari eutsi zioten bukaerara arte, garaipena eskuratzeko. Horrekin, garaikurra eta diru-saria ez ezik, beste sari potolo bat ere lortu dute: Espainiako Banakako Mus Txapelketan aritzeko txartela.