Espainiako Txapelketan ariko dira Uxue Santxo eta Jurdan Zaldua

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 11

Uxue Santxo, podiumeko koxka gorenean, Iruñean.

Euskal Herrikoan bi proba irabazi zituen Santxok juniorretan, eta beste bitan bigarren izan zen Zaldua infantiletan.

Egunez egun ari dira bere maila hobetzen Hernani Igeriketa Taldeko gazteak, eta emaitza bikainak pilatu dituzte azkeneko asteotan. Horien artean nabarmenenak Uxue Santxok eta Jurdan Zalduak lortu dituzte, Euskal Herriko Neguko Txapelketan.

Santxok bi probatan lortu zuen garaipena Iruñean, junior mailan, 50 eta 100 metroko bular probetan nagusituta. Gainera, laugarren sailkatu zen 200 metroko bular proban. Emaitza horiei esker, Espainiako Neguko Txapelketan ariko da igerilari hernaniarra, aste honetan bertan, Sabadellen.

Zalduak ere puntako emaitzak lortu ditu Euskal Herrikoan, infantil mailan, Getxon. Bigarren sailkatu zen 50 metro libreetan eta 50 metroko tximeleta proban, eta bietan lortu zuen Espainiakoan aritzeko gutxieneko marka. 100 metroko tximeleta proban, berriz, laugarren sailkatu zen. Gauzak horrela, Espainiako Txapelketan ariko da Zaldua ere, martxoaren 20tik 22ra, Sabadellen bertan.

Maila ederrean ari dira taldeko beste hainbat igerilari ere, eta horren erakusgarri dira Gipuzkoako Neguko Sarian lortutako emaitzak, Zarautzen. Junior mailan, Lur Elkorok garaipena lortu zuen 200 metro libreetan, eta hirugarren izan zen 50 metrokoan. Gerezi Juha bigarren sailkatu zen 100 metroko bizkar proban, eta hirugarren 50 metroko bular proban. Anes Santamariak bigarren postua lortu zuen 200 metroko bizkar proban, eta Ilargi Telleriak hirugarrena 50 metroko tximeleta proban.

Infantilei dagokienez, Uxune Otañok garaipena lortu zuen 50 metro libreetan eta 100 metro estiloetan, eta garaile izan zen Endika Guanda ere, 100 metro estiloetan. Axel Etxebeste, berriz, bigarren sailkatu zen 50 metroko tximeleta proban, eta hirugarren 100 metroko bular proban. Bidane Querejeta, bere aldetik, hirugarren izan zen 100 metroko tximeleta proban eta 50 metro libreetan. Eta Maren Otamendi, azkenik, bigarren sailkatu zen 100 metroko tximeleta proban.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!