Gaur egingo dute Antziolako eta Sagastialdeko udal baratzetako 70 partzelen zozketa. Hernaniko udaletxean izango da zozketa publikoa, eguerdiko 12:00etan hasita, pleno aretoan; eta edonork dauka bertaratzeko aukera. Joaterik ez duenak, internet bidez ere ikusi ahal izango du zuzenean, Hernaniko Udalaren YouTubeko kanalean eskainiko baitute.
Astelehenean argitaratu zuten onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin betiko zerrenda, eta 100 herritar sartuko dira zozketan, 70 partzela horiek esleitzeko.
Behin zozketa eginda eta erreklamazio epea pasata, martxoaren 16an argitaratuko dute partzela jaso dutenen behin betiko zerrenda, eta haiekin harrera-bilera egingo dute, giltzak emateko: martxoaren 24an izango da hori, arratsaldeko 18:30etan, udaletxeko areto nagusian.
Gainera, formakuntza saioak ere eskainiko dizkiete bertako erabiltzaileei: martxoaren 26an arratsaldez (17:30-19:30) eta 28an goizez (11:00-13:00) izango dira, Sagastialden; euria eginez gero, Karabelekon egingo dute.