Festa giro betean iritsiko da Korrika Hernanira, egitarau konpletoarekin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 6a

2024ko Korrika, Plazara bidean, Aratzeko ikasle eta irakasleen eskutik.

Bertso saioa egingo dute gaur, 19:00etan Guria tabernan, Korrikarako beroketa lanei hasiera emateko.

13 egun eta ordu batzuk (albiste hau noiz irakurtzen ari zaren gorabehera) falta dira Korrika Atharratzetik abiatzeko. Lau egun pasatxo gehiago, euskeraren aldeko korrikaldi sutsuena Urumea bailarara iritsi dadin. Martxoaren 24ko goizaldean, 01:33etan, sartuko da Korrika Hernanin, eta ordurako bero-bero egongo da giroa herrian. Festa giro bete-betean izango da Hernani, makina bat ekintza prestatu baitituzte Korrikaren beroketa gisa, Korrika Batzordeak, AEKk, Udalak, Doberak eta Kanikak.

Gaur bertan izango da aurrenekoa: bertso saioa eskainiko du­te Guria tabernan, 19:00etan ha­sita, Paulo Ttikiyako lau bertsolarik: Ekain Tolaretxipik, Eñaut Martikorenak, Andoni Rekondok eta Andoni Mujika 'Anatx'ek.

Bihar, berriz, Aiurri dantza taldearen ikuskizuna izango da Tilosetan, eguerdian. Datorren asterako ere jarri dituzte bi hitzordu: patata tortilla lehiaketa eta kontzertuak asteazkenean, zubi luzearen atarian; eta magia ikuskizuna larunbatean.

Eta nola ez, ondo girotuko dituzte Korrika iritsi aurreko orduak. Goizez eta arratsaldez Mintzodromoa, eta gauean afari herrikoia Elur Txorin.

24. KORRIKARAKO
BEROKETA LANAK

HERNANIN

GAUR, ostirala

19:00, Bertso saioa, Guria tabernan: Eñaut Martikorena, Ekain Tolaretxipi, Andoni Rekondo eta Andoni Mujika. Petoak salgai izango dira, 6 euroan.

BIHAR, larunbata

13:00, Aiurri dantza taldearen ikuskizuna, Tilosetan edo Plaza Berrin. Euriarekin, Atsegindegin.

MARTXOAK 18, asteazkena

18:00, Patata tortilla lehiaketa, eta Nokono eta Samba Badago taldeen kontzertua, Tilosetan. Euriarekin, Atsegindegin. Lehiaketan parte hartzeko izena eman behar da, martxoak 13 arte.

MARTXOAK 21, larunbata

12:00, '%100 Hodei magoa' ikuskizuna, Biterin, 5 urtetik gorakoentzat. Sarrera: 4 euro.

MARTXOAK 23, astelehena

09:30 eta 18:00, Mintzodromoa, Latsunbeko frontoian.

21:30, Afaria, Santa Barbara elkartean. Txartelak 15 euroan salgai, Hernaniko AEKn, Kiden eta Zintzarrin, gaurtik aurrera.

Ondoren, Korrika iritsiko da Hernanira, 01:33etan, Urnietatik.

MARTXOAK 24, astelehena

19:00, Laburbiraren emanaldia, Biterin.

MARTXOAK 26, osteguna

19:00, 'KAKA' antzezlana, Biterin. Sarrera: 8,5 euro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!