Puntu gorenean dago atletismoko pista estaliko lehia, asteotan; eta gazteen kategorietan domina ugari pilatu dituzte CD Hernaniko atletek, txapelketa garrantzitsuenetan.
Joan den asteburuan jokatu zen, esaterako, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen Gipuzkoako Txapelketa, Donostiako belodromoan. Eta atleta hernaniarrek erakustaldia eman zuten 3.000 metroko gizonezkoen proban, 16 urtez azpikoetan: Xuhar Hernandezek urrea, Joanes Azkuek zilarra eta Adur San Emeteriok brontzea lortuta, podiuma bere osotasunean bete zuten. Gainera, Uxue Rodriguezek ere garaipena lortu zuen 1.500 metroko proban, 18 urtez azpikoetan, urrea kolkoratuz.
Astebete lehenago, berriz, gazteen Euskadiko Txapelketa jokatu zen Donostian. Bertan aritu ziren Ortzi Moral eta Uxue Rodriguez, emaitza ederrekin. Moralek brontzezko domina eskuratu zuen jauzi hirukoitzean, 10,54 metroko saltoarekin; eta Rodriguezek marka bikaina lortu zuen 1.500 metroko proban, kronometroa 3:55ean geldituta.
Bestalde, Maitane Guerrero hernaniarra hirugarren sailkatu zen Donostiako Lilatoiean, joan den igandean.