Antolaketa eta borroka. Horiek izango dira igande honetan Hernanin aldarrikatuko dituztenak, Emakume Langileon Nazioarteko Egunean. Martxoak 8aren harira, bi mobilizazio izango dira Kaxkoan, igande eguerdian.
Hernaniko Koordinadora Feministak antolatu du aurrenekoa, eguerdiko 12:30etan Plaza Berritik abiatuta. 'Beste mundu bat feminismotik' lelopean, manifestazioa egingo dute, «dominazio sistemen aurrean, borroka eta antolaketa» aldarrikatuz. Ondoren, bazkari autogestionatua ere antolatu dute. Atsegindegin izango da, 14:30etatik aurrera.
Buruntzaldeko Itaiak, berriz, eguerdiko 13:00etan jarri du hitzordua Plazan, eskualde mailako mobilizazioa egiteko: «Emakume langileok askatzeko, batu borrokara!», aldarrikatu dute. «Egun honek historikoki duen izaera iraultzailea berreskuratzearekin batera, egun hedatzen ari diren ideia faxisten eta matxisten aurka borrokatzeko egun bat bezala ulertu behar dugu». Horregatik, mobilizazioan parte hartzeko deia zabaldu dute.
'Promesa berdina egin diegu lagun guztiei' antzelana KPFn, datorren astean
Hurrengo egunetan ere izango dira Martxoak 8arekin lotutako ekintzak. Kulturarteko Plaza Feministaren programazioaren baitan, antzezlana izango da martxoaren 13an, ostiralez: 'Promesa berdina egin diegu lagun guztiei'. Arratsaldeko 18:30etan izango da KPFn bertan, Infinitudrama konpainiaren eskutik, euskeraz. «Adiskidetasun erromantikoaren eta taldearen apologiari buruzko emanaldia da, poesia, performantzea eta umorea uztartzen dituena», aurreratu dute. Horrekin, hasiera emango diote 'Lagunekin bai!' udaberriko zikloari, gogoeta eta eztabaida feminista sustatzeko, eta «laguntasunaz eta transfeminismoaz hausnartzeko».
Bestalde, martxoaren 27rako ere jarri dute hitzordu berezi bat: omenaldi musikatua egingo diote Berta Caceres aktibista feminista hondurastarrari, hil zutela 10 urte bete direnean. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ekitaldia, Plaza Feministan, eta bertan izango da Karla Lara musikari eta herri komunikatzaile feminista hondurastarra ere.
'Emakumea eta aniztasun funtzionala' hitzaldia 14an, Indar elkartearen eskutik
Indar elkarteak ere antolatu du hitzaldi bat, Emakumeon Egunaren harira. Hurrengo larunbatean izango da, martxoaren 14an, goizeko 11:00etan Biterin: 'Emakumea eta aniztasun funtzionala'. Doakoa izango da, eta bi hizlari ariko dira: Natalia Petracca Vidal, 'coach' eta mentorea, eta Proaktiboa-Resiliencia Activa elkartearen eta lehendakaria; eta Mari Mar Gómez, gizarte integratzailea, formatzailea, mentorea, eta Indar elkartearen lehendakaria. Gaiaren inguruan duten ezagutza eta esperientzia partekatuko dute bertaratuekin.
Saioa doakoa da, baina izena eman behar da: 655 744 039 telefonora deituta edo whatsappez idatzita, edota asociacionindar.eus @gmail.com helbidera idatzita.
Aniztasuna, inklusioa eta irisgarritasuna ditu ardatz Indar elkarteak, Lasarte-Oriako Emakumeen Zentro Zibikoen elkartzen dira ostiralero (16:00-18:00), eta podcast bat daukate YouTuben: 'Un mar de voces incómodas'.