Joan den astean argitaratu zuen Hernaniko Udalak, 2025eko alokairu gastuetarako dirulaguntzen ebazpena. Denera 73 eskaera jaso zituen Udalak: horietatik 22, 35 urtetik beherako gazteenak; eta gainerako 51k helduagoenak. Behin-behineko ebazpena ikusgai dago udaletxeko iragarki taulan eta hernani.eus webgunean.
Orain, epea zabaldu dute alegazioak zein dokumentazio osagarria aurkezteko. Ebazpenari alegazioa aurkeztu nahi dionak, gaur zortzi arte izango du epea, martxoaren 11ra arte. Dokumentazio osagarria aurkeztu behar duenak, berriz, hilaren 26ra arte izango du horretarako aukera.
11garren urtez zabaldu zuen Udalak alokairurako dirulaguntzen deialdia, eta 210.000 euroko partida bideratu du horretara: erdia 35 urtetik beherakoentzat, eta beste erdia helduagoentzat. «Azpimarratzekoa da Hernaniko gero eta gazte gehiagok jasotzen dutela Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen Gaztelagun programako alokairu-dirulaguntza, eta horrek dakar gazteen eskariak gutxitu izana gurean», azaldu du Hernaniko Udalak.