Hernani Burujaberen murala egiten ari dira Latsunbeko kirol eremuan, eta bertan elkartu ziren joan den ostiralean, proiektuak orain arte emandakoaren balantzea egiteko.
Bost urte bete dira Hernani Burujabe «herri-proiektu gisa» abiatu zenetik, «trantsizio ekosoziala helburu». Aurreneko urteetan baliatu zituzten «oinarriak jartzeko, gobernu ekosistema sortzeko eta sektore estrategikoetan proiektuak abian jartzeko», eta azkeneko biak, 2025a bereziki, «kontsolidazio urteak» izan direla nabarmendu dute: «Azpiegiturak herritartu dira, sektoreak egonkortu, eta herritarren eguneroko bizitzan eragin zuzena duten emaitzak agerian geratzen hasi dira».
Zentzu horretan, adierazi dute elikadura, energia eta moneta sistemek «466 tona CO2 baino gehiagoko murrizketa» eragin dutela 2025ean. «Baina trantsizioa ez da soilik ingurumen datu bat: 36 enplegu arrunt egonkortu dira sektore burujabeetan, bost laneratze enplegu eta lau arraigo edo erregularizazio prozesurekin batera. Hau da, trantsizio ekosoziala ari da lanpostu, gaitasun eta bizi-aukera berriak sortzen».
Arlo bakoitzean emandako aurrerapausoak aditzera eman zituzten ostiraleko aurkezpenean:
- «Energia arloan, autokontsumo partekatuak jauzi nabarmena eman du: 520,9 kW-ko potentzia metatua eta 58.550 kWh ekoizpen berriztagarri lortu dira, 276 erabiltzaile eta 11 negoziori eraginez. Enherkom komunitate energetikoak 350 bazkide ditu gaur egun, eta 216.538 euroko fakturazioa lortu du, hazkunde argian. Energia Bulegoak 350 pertsona baino gehiago artatu ditu eta 50 bonu sozial baino gehiago tramitatu dira, pobrezia energetikoari aurre egiteko».
- «Elikaduran, balio kate osoa sendotzen ari da: ekoizpena, eraldaketa eta kontsumoa koordinatuta. Herrilurrek 141 bazkiderekin jarduna egonkortu du, eta 32.836 euro bideratu dira bertako ekoizleen produktuetara. Karabeleko udalaren esku geratu da, lehen sektoreko belaunaldi-erreleboa eta elikadura burujabetzaren espazio ireki eta herritarra garatzeko».
- «Tokiko monetaren kasuan, Ekhi sistemak 2.958.052 euroko salmenta bolumena lortu du 2025ean, eta masa monetarioa 204.156 eurora igo da. 1.450 erabiltzaile eta 724 bazkiderekin, Ekhi ez da soilik ordainketa-tresna bat: tokiko ekonomia artikulatzeko eta aberastasuna lurraldean bertan birzirkulatzeko tresna estrategikoa da. Gainera, lehen esperientzia pilotuak abiatu dira energia Ekhi bidez ordaintzeko».
- «Zaintzaren arloan, Etxeko Zaintza Zerbitzuak 170 pertsona artatu ditu, eta auzozaintzak 28 akonpainamendu eta 11 talde-topagune mantendu ditu. Aldi berean, zaintzaileen zaintzan bi laguntza-ildo jarri dira martxan, zaintza-lanen karga fisiko eta emozionalari erantzuteko. Zaintza sistema publiko-komunitario baten oinarriak sendotzen ari dira».
- «Etxebizitzan, aurrerapauso instituzional garrantzitsuak eman dira: Bizitegi Merkatuan Tentsio Handiko Eremu izendapena eskatu da, Etxebizitza Behatokia 2026ko urtarrilean ireki da, eta hutsUNEA programa publiko-komunitarioa martxan jarriko da etxebizitza hutsak mobilizatzeko».
Hori horrela, nabarmendu zuten Hernani Burujabe ez dela «ideia edo diskurtso hutsa» izan 2025ean. «Datuek erakusten dute trantsizio ekosoziala martxan dagoela. Orain erronka nagusia eskala haunditzea da: herritar gehiagoren inplikazioa lortzea eta eguneroko bizitza bizigarriagoa egiteko proiektuak zabaltzea. Hernani Burujabe ez da etorkizuneko promesa bat. Orainaldian eraikitzen ari den errealitate bat da».