Asisko Urmenetaren 'Sorgina, banaiz' dokumentala eskainiko dute bihar, Biteri kultur etxean. Arratsaldeko 19:00etan izango da saioa, Hernani Errotzenek, Aratz ikastolak eta Hernaniko Akelarre taldeak antolatuta. Bertan izango da Urmeneta bera, dokumentala aurkeztu eta ondorengo solasaldia gidatzeko. Sarrera 2 euro edo borondatea izango dira, proiektua bultzatzeko.
Duela 500 urteko inkisizioan dago kokatuta dokumentala: «Txiripaz beharbada, baina Nafarroa Garaiaren 1512ko konkistatik 13 urtera hasi zen inkisizio modernoak eragindako sarraskia. Gaztelaren pean zegoen Nafarroako Errege Kontseiluak sekta sataniko bat aurkitu zuen Pirinioetan, eta haietako bost kide harrapatu eta Auritzen exekutatu zituen. Jazarpenak etengabe jarraitu zuen, eta Europako sorgin-ehiza haundien ezaugarri guztiak egotzi zizkieten garaiko euskalnafarrei. Eta halako batean, txiripaz-edo, sorgin-ehiza hasi bezala amaitu zen, bat-batean, inolako azalpenik gabe».
Ikusleek «bidaia zintzo bat» topatuko dute dokumentalean, «telebistetan eta zinemetan maneiatzen dituzten historietatik oso urrun. Erratzaren gainean hegan egiten zuten sorginen bidaia deseraikitzeko bidaia da dokumentala».