Ondorengotza tailerrak eta euskera klaseak, herriko merkatarientzat

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 1a

Merkatariei bideratutako hainbat ikastaro antolatu dituzte Hernanin, eta doakoak dira.

Herriko merkatariei zuzenduta, hainbat ikastaro antolatu dituzte Hernanin, perfil ezberdinetako establezimendu eta langileentzat. Bi aspektu landuko dituzte oraingoan: batetik, ondorengotzari buruzko saioak, erretiroa hartzean negozioa ixtea nahi ez dutenentzat; eta bestetik, euskera klaseak, jatorri atzerritarreko Hernaniko merkatarientzat eta establezimenduetako langileentzat.

Hiru izango dira ondorengotzari buruzko saioak, Beterri-Buruntza Mankomunitateak antolatuta, Udalarekin eta Berriak elkartearekin lankidetzan. Helburua da «negozioen iraupena planifikatzea», eta doako aholkularitza pertsonalizatua eskainiko dute horretarako, «norberaren erritmo eta beharretara egokituta». Martxoaren 3an, 10ean eta 16an egingo dituzte doako formakuntza saioak, Biteri kultur etxean, 13:15etatik 15:15etara. Aurreneko saioan programaren aurkezpena egingo dute, bigarrenean azalduko dituzte erretiroari buruz jakin beharrekoak, eta hirugarrenean nola planifikatu erreleboa. Bakoitzak nahi duen saioetan hartu dezake parte, baina izena eman behar da: enpresa@beterriburuntza.eus helbidean edo 943 24 45 23 telefonoan.

 

Doako euskera klaseak, establezimenduan bertan

Euskera klaseei dagokienez, Hernaniko Euskararen Kontseiluaren eta Udalaren plan estrategikoaren baitan antolatu dituzte, eta AEKk eskainiko ditu. Helburua da «bezeroari ulertzeko euskera maila lortzea eta paisaia linguistikoa euskeratzeko laguntza ematea». Establezimenduan bertan ematen dituzte saioak.

Interesa dutenek, hernani@aek.eus helbidera idatzi dezakete, edota 607 592 864 eta 688 746 640 telefonoetara deitu. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!