'Aitatxo' antzezlana estreinatu eta hilabete eta erdira, Biterin ariko da Unax Uralde aktore hernaniarra, obraren hirugarren emanaldiarekin. Datorren ostegunean izango da saioa, arratsaldeko 19:00etan hasita; eta sarrerak salgai daude kultura.hernani.eus webgunean, 8,5 euroan.
Uralde bera eta Alex Tello donostiarra dira protagonista, Telmo Iruretak zuzendutako antzezlanean. Anakotz Lasartek osatu du gidoia, eta benetako gertaera batean oinarrituta dago: bi haur galdu zituen Mallabiako familia baten istorioa, bata amaren sabelean hila, eta bestea jaio eta egun gutxira, bihotzeko arazo baten eraginez.
Antzezlanak elkarrizketa bat du oinarri: aitak galdutako semeetako batekin daukana. Tello eta Uralde ariko dira aita-semeen paperean. Elkarrizketa horren bitartez, «dolua, onarpena eta errealitaterako bidea» lantzen ditu obrak: «Bizitza datorren bezala onartzea, alegia». Bertan kontatzen diren gertaera eta oroitzapen batzuk benetakoak dira, aditzera eman dutenez: «Aitak egun bizirik dagoen semearengandik izandako esperientziak, baina hildako horietako batenak balira bezala kontatuta. Horrela, ez dagoen semea, bihurtzen da aurrera egiteko itxaropena ematen dion ahots».Urtarrilaren 16an eskaini zuten antzezlana estreinakoz, Ermuan, 160 lagunen aurrean; eta bertan bizitakoarekin oso pozik agertu da hernaniarra: «Antzezlan hau berezia da niretzat, eta jendea obra honekin hunkituta ikusteak ez dauka preziorik».
Otsailaren 7an Berrizen izan zuten bigarren saioa, eta Hernanikoa izango da hirugarrena, datorren ostegunean. 50 minutuko iraupena dauka.