Bolada txarrari buelta eman ezinik jarraitzen du Hernanik, joan den astean Valenciaren kontra galdu ondoren (21-26). Bigarren zatiko erreakzioak defentsako bonusa lortzeko bakarrik eman zien trikoloreei, eta egoera zaildu zaie, bosgarren postura jaitsita. Play offerako txartela beraien esku dago oraindik, baina ezinbestekoa dute garaipenak pilatzen hastea.
Eta asmo horrekin joango dira Asturiasera, urte hasierak hartu duen norabidea aldatzera. Avilesen jokatuko dute gaur, Pasek Belenosen kontra, Ohorezko Elite Mailako 13garren partidua: Muro de Zaron, 16:00etan.
Erreakzioa lortuz gero, play offerako borrokan bete-betean daude hernaniarrak. Sei talde daude lau posturako lehian. Hernanik eta Las Rozasek 32 puntu dauzkate, oraintxe play offetik kanpoko postuetan; baina Sant Cugat liderrak zazpi gehiago dauzka soilik (39).