Beste urte batez, Hernaniko elkarteei laguntza emango die Ekhilurrek, funts komunean pilatutako ekhiak haien artean banatuta. 2025ean, 3.675 ekhi izan dira pilatu direnak, eta zortzi elkarteren artean banatuko dituzte, erabiltzaileek bozketa bidez erabaki duten moduan.
Hori horrela, modu honetara banatuko dira ekhi horiek, boto kopuruaren eta ekhien araberako ordenean: Berriak Merkatari eta Ostalarien Elkartearri 880,65 ekhi (%23,96); Herrilur Kontsumo Elkarteari 677,42 ekhi (%18,43); Dobera Euskara Elkarteari 575,81 ekhi (%15,67); Amher elkarteari 525 ekhi (%14,29); Koxka elkarteari 304,84 ekhi (%8,29); Bidea Burujabetzen aldeko herritar taldeari 304,84 ekhi (%8,29); Sagarreta Natur Taldeari 270,97 ekhi (%7,37); eta CD Hernaniri 135,48 ekhi (%3,69).
Azaldu dutenez, egun hauetan sartuko dute dirua elkarte bakoitzaren kontuan, eta Hernaniko Ekhilur sarean bakarrik erabili ahal izango dute.
Ekhilurreko erabiltzaileek hilabetero bideratzen dituzte beraien kontuko zentimo batzuk sareko elkarteentzat. Nahi duenak elkarte zehatz bati eman diezaioke, eta bestela, dirua automatikoki bideratzen da funts komunera. Funts horretatik egiten dute banaketa urtero, bozketa bidez. 2025ean 3.675 ekhi izan dira, eta 2023az geroztik ia 10.000 dira funts komunetik elkarteetara bideratutako ekhiak, «tokiko sare sozial eta ekonomikoa indartuz». Izan ere, «Ekhilurreko erabiltzaileek tokiko ekonomia indartzeaz gain, Hernaniko elkarte sarea ere sendotzen dute».