Hernaniko Arcelor Mittaleko ordezkaritza sindikalak aditzera eman duenez, zenbait lankideren kaleratzearen kontra mobilizatu dira: «Zenbait langile kaleratu dituzte Hernaniko eta Basauriko plantetan, lan istripuak izan ondoren. Gure erabateko desadostasuna erakutsi nahi dugu erabaki horren aurrean. Onartezina iruditzen zaigu, prebentziotik, segurtasunetik eta lan-baldintzen hobekuntzatik aztertu beharko liratekeen egoeren aurrean, erantzuna izatea kaleratzea. Lan istripuak ezin dira bilakatu jasan dituztenak zigortzeko motibo. Segurtasuna erantzukizun kolektiboa da, baina nagusiki enpresariala».
Horren aurrean, erabakien kontrako pankartak jarri dituzte enpresaren kanpoaldean, eta mobilizazioak ere egin dituzte. Lanuzte koordinatuak egiteko aukera ere jarri dute mahai gainean, «zuzendaritzak ulertu dezan ez dugula onartzen lankideak kaleratzea lan istripuak izan ondoren. Gaur beraiek dira, baina bihar gu izan gaitezke. Segurtasuna ez da defendatzen langileak kaleratuta».
Horren aurrean, Hernaniko eta Basauriko plantetako langileak «batuta» mantentzeko deia egin dute, «erantzun kolektibo bat» emateko.