Ezin esan daiteke lehiatik kanpo izateak kalte haundiegirik egin dionik Endiak Barrenetxeari, eta hala aitortu du hernaniarrak berak ere: «Normalean, lehiatik kanpo egon ondoren, jokoa galtzen duzu. Baina oso puntu polittean bueltatu naiz, asko ari naiz disfrutatzen, eta oso pozik nago finalera iritsi izanagatik».
Txapelaren bila ariko da gaur Buruz Buruko Masters Txapelketan, Imanol Ansa urnietarraren kontra, 16:30etan Galarretan. Aitortu du final berezia dela berarentzat: «Sentsazioa daukagu Masters honen azkeneko edizioa izango dela. Badirudi erremonteak jarraipena izango duela 2027an, beste eragileren batekin. Izan ere, badirudi borondatea badagoela instituzioen, federazioaren eta EITBren aldetik. Baina pentsatzen dugu, era berean, datorrenak bere identitatea eman nahiko diola, eta hau izango dela azkeneko Mastersa. Modu nostalgikoan bizi dugu, baina ilusio bereziarekin ere bai, eta gustatuko litzaidake txapel hori niretzat izatea. Asko eta ondo ari naiz entrenatzen horretarako, inolako minik ez daukat, eta oso gogotsu nago».
Edonola ere, badaki oso kontrario gogorra daukala aurrean, eta «dena ondo» egin beharko duela irabazteko. Final polita espero du: «Osagai guztiak dauzka partidu on bat izateko, eta badirudi harmailek ere itxura polita izango dutela. Hernaniarrak ere animatu nahi ditugu bertaratzera. Herritar bakoitzak badauka aukera bere aletxoa jartzeko, erremonteak biziraun dezan, Galarretara gerturatuta».