Eguzki Irratiaren 40 urteak jasotzen dituen dokumentala eskainiko du Potemkin zinema taldeak gaur, Biteri kultur etxean. Arratsaldeko 19:00etan jarri du hitzordua Potemkinek, eta aurreratu duenez, Eguzki Irratiko partaide den Jorge Riverak aurkeztuko du dokumentala.
Pablo Calatayudek zuzendu duen film dokumental honek, Eguzki Irratiaren azken 40 urtetako ibilbidea jasotzen du, 50 minututan. 'Komunikazio, pasio eta eta borroka historia bat' izenburupean egin zuten estreinaldia, Nafarroako Antsoain herrian. Gaur, Biterin ikusteko aukera izango da.
«Ahots-gabeen bozgorailu»
Eguzki Irratiak berak ekoiztu duen lana da, soinu artxibo eta elkarrizketa bidezkoa. Bertan parte hartu dute ezagunak diren eta «Euskal Herriko bizitza sozial, kultural eta politikoaren erreferente» diren Martxelo Otamendik, Fermin Muguruzak, Itziar Ituñok, Jonathan Martinezek, Carlos Vilchesek eta Begoña Zabalak.
Eguzki Irratia bezalako komunikabideen aldarria egin du Potemkinek: «Gero eta garrantzitsuagoak dira disonantzia kognitiboa borrokatzeko», dio.
Ahotsa izan ez dutenen bozgorailu bezala definitu dute irratia, «askatasunez mintzatzeko» tresna: «Hasiera-hasieratik giza mugimendu popularren laguntzaile eta ahots-gabeen bozgorailu izan da askatasunez mintzatzeko», nabarmendu dute.
Horregatik, «gerrilla istorio» honen jakitun izatera gonbidatu dituzte herritarrak.
k