Hausnarketa prozesu batean murgilduta dago Hernaniko Gaztelekua, «trantsizio momentu batean», 18 urtez martxan izan ondoren. Zer nolakoa izan behar duen «birpentsatzeko beharra» ikusi zuen Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria Sailak, nerabezaroa bera asko aldatu delako: «Pandemiaz geroztik, pantailen gehiegizko erabilera izan da, urruntze sozial bat eman da, ongizate emozionala zaintzearen inguruko kontzientzia piztu da... Eta horrek, ezinbestean, dakar duela ia 20 urteko nerabeen beharrei erantzuteko pentsatutako zerbitzua birpentsatzea», azaldu dute Aitor Lukas zinegotziak eta Tasio Arrizabalaga teknikariak.
Prozesua «partehartzailea» izatea nahi dute, «kontuan hartuz hezkuntza komunitatea osatzen duten eragile ezberdinak eta orain arte erabiltzaile izan diren nerabeak». Eta Aztikerrek dinamizatuta, dagoeneko egin dituzte aurreneko lan saioak. Gaztelekuko erabiltzaile izandakoekin egin zuten saio bat, «informazioa eta ekarpenak jasotzeko»; eta beste bat orain arte bertako hezitzaile izan direnekin. Udaletxe barruan, berriz, Gaztelekuari buruzko saio bana egin dute alor sozialak jorratzen dituzten udal teknikariek (gazteria, zerbitzu sozialak, euskera, hezkuntza, partaidetza, berdintasuna, kulturartekotasuna, kultura, eta jarduera fisikoa eta kirola), eta alor horietako zinegotziek. Eta horien ondotik, «2027an erabiltzaile potentzial izango direnekin» aritu dira: hiru saio egin dituzte Hernaniko Institutuan, eta bi Aratz ikastolan.
Lanketa herrira zabalduko dute orain, «hezkuntza komunitatea osatzen duten eragileekin». Batetik, saio monografikoa aurreikusi dute Haurren Kontseiluarekin, eta baita Hezkuntza Plataformarekin eta guraso elkarteekin ere. Bestetik, Amher Sos Arrazakeria elkartearekin eta Bilgune Feministarekin bilduko dira. Eta azkenik, hezkuntza ez formaleko foroan ere egingo dute lan saio espezifiko bat Gaztelekuari buruz, Dobera, Kanika, Xaxaka eta Kaxkardi elkarteekin.
«Ikuspegi anitzak jaso ditugu, eta horrek lagunduko du egiten errealitatearen ahalik eta argazki zintzoena»
Lan saio horien guztien helburua da «nerabeen bueltan herri mailan dauden eragileak inplikatzea prozesuan, beraien ikuskera eta espektatibak jasotzeko, zer ikusten duten garrantzitsua Gaztelekuak izatea etorkizunean. Izan dadila Hernaniko ahalik eta nerabe gehienentzat espazio erreferentziala».
Pozik daude prozesuak orain arte emandakoarekin: «Dinamizatzaileek adierazi digute saioak oso oso emankorrak izan direla. Guk batzuetan hartu dugu parte, eta uste dugu irakurketa sakona egiteko ematen ari dela. Ikuskera nahiko ezberdinak jasotzen ari gara. Oso interesgarria da ikustea nola hitz egiten diguten Gaztelekuko erabiltzaile izan direnek eta izan ez direnek, nola perzibitzen duen espazioa bakoitzak, gurasoek ere bai, eskoletako zuzendaritzek... Ikuspegi anitzak jaso ditugu, eta horrek lagunduko du egiten errealitatearen ahalik eta argazki zintzoena».
Lan saio horietan, gehien partekatutako kezka izan da «ezin dugula ulertu nerabeei bideratutako zerbitzu bat elementu soil modura», Lukasek eta Arrizabalagak azaldu dutenez: «Hezkuntza ehun oso potentea daukagu herrian, udaletik eta aisialdi taldeetatik eskainitako zerbitzuak ere bai, eta Gaztelekua ezin da ulertu espektro soil eta bakan moduan. Herri hezitzailearen barruan, funtzio oso potentea jokatzen dute nerabezaroak eta Gaztelekuak, eta konektatuta egon behar du gainerako adin-etapekin eta eragileekin. Ezin du isolatuta egon, zubiak eraiki behar ditu etengabe».
Era berean, diote «arima bikoitz bat izatearen beharra» ere azaleratu dela: «Batetik, beharrezkoa da nerabeentzako espazio bat izatea, erreferentzialtasuna izango duena. Baina bestetik, espazio bat izateaz harago, lan hezitzailea ere egin behar du. Etorkizunera begira, erronka nagusia izango da bi horiek ondo uztartzea. Sormena lantzeko aukera, nerabeak Hernaniko bizitza komunitarioaren eragile aktiboak izan daitezen sustatzea, hitza eta erabakimena eduki dezaten plataforma bat eskaintzea, balioen lanketa egitea, egoera zaurgarrian egon daitezkeen nerabeei berariazko arreta eskaintzea, programazio propioa izatea nerabeen ahotsa eta interesak erdigunean jarriz...», nabarmendu dute.
Jomuga, 2027tik «berrituta eta berregokituta» eskaintzea Gaztelekuko zerbitzua
Funtsean, prozesuarekin zehaztu nahi dute «zein izan behar den Gaztelekuaren kokapena, Hernanin nerabeentzako dagoen eskaintzaren baitan»; eta horrekin lortu Gaztelekua bera eta nerabeak integratuago egon daitezela herriko ekosisteman. Horrela, 2027tik aurrera zerbitzua «berrituta eta berregokituta» eskaini nahi dute, «egungo nerabeen beharrei erantzuteko».
Bide horretan, eragileekin lan saioak egin ondoren, herritarren ekarpenak ere jasoko dituzte datozen hilabeteetan: gurasoei eta nerabeei bideratutako galdetegi bana zabalduko dute, prozesuan identifikatutako gako nagusien inguruan.
Horrekin guztiarekin, diagnostikoa osatuko du Aztikerrek, ekainera bitarte; eta hori herrira zabaltzeko ere egingo dituzte hainbat saio.
Eta hortik aurrera, «nerabezaroaren transformazioari» erantzutea izango da erronka: «Nerabezaroa arrisku etapa bat bezala ikusi dugu beti, eta hori aldatzea dagokigu. Esperimentazio eta transformazio etapa bat da, bere behar propioak dauzkana, ase beharrekoak. Baina behar horiek ez dira estatikoak. Nerabezaroa bera ere transformazioan dago; inguruan gertatzen denak asko baldintzatzen du, eta oso aldakorra da. Badaude zerbitzu batzuk nahiko estatiko mantendu daitezkeenak denboran, behar batzuei oso modu zehatzean erantzuten dietelako. Baina nerabeentzako espazio eta zerbitzuek dinamikoak behar dute, egokitu egin behar dira egungo beharretara».
Aurtengo asmoa, nerabeei eta gazteei zuzendutako eskaintza indartzea
Trantsizio momentu honetan, eta 2027an Gaztelekua berriro martxan jarri bitarte, nerabeei eta gazteei zuzendutako eskaintza indartzeko apustua egin du Gazteria Sailak. «Kontziente gara Gaztelekua itxita izateak badakarrela pertsona batzuentzat erreferentziazkoa izan den espazio bat itxita egotea. Horregatik, nerabeei zuzendutako programak indartu nahi ditugu. Udara bitarte, bereziki kirol ikastaroetan jarriko dugu fokua, udaberriko oporraldian eta udaran. Eta irailetik bueltan, hasi nahi dugu Gaztelekuan bertan hainbat ekintza antolatzen, espazioa biziberritzeko eta erreferentzialtasuna ez galtzeko».
Kirol, kultur eta aisialdi eskaintza sendotu nahi dute abendura bitarte, «urtarrilean Gaztelekuko zerbitzua ahalik eta indartsuen hasteko».