Odola emateko zita bihar Aratzen, «horren garrantziaz sentsibilizatzeko»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 25a

Odol emaileen proiektua lantzen ari dira DBH1eko ikasleak, eta estrakzioak egiteko zita jarri dute biharko, 16:30etatik 19:00etara.

Aratz ikastolan izango da odola emateko aukera, biharko egunez. Arratsaldeko 16:30etatik 19:00etara jarri dute horretarako hitzordua, DBH1 mailako ikasleak lantzen ari diren proiektuaren baitan.

Odol emaileei buruzko lanketa ari dira egiten, «odola ematearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta pertsona desberdinak estrakzio bat egitera animatzeko». Horretarako, gaur goizean Hernaniko kaleetara aterako dira, 10:00etatik 12:00etara, informazioa eman eta herritarren zalantzak argitzeko. Plaza Berrin eta Kixkal aurrean arituko dira horretan, biharko zitari begira. 

Herritar guztiak animatu dituzte bihar ikastolara gerturatzera, odola ematera: «Euskal Herriko odol bankuetan odol gutxi dagoenez, odola ateratzera animatzen zaituztegu», adierazi dute. Bukaeran merienda ere izango dela aurreratu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!