Azken joko olinpikoetatik indarberrituta datoz gazteak. Larunbat honetarako iragarri dute gazte olinpiaden inaugurazio festa, eta hortik aurrera, lau hilabetez eta ia astero elkartuko dira ehunka gazte herrian. 'Berriz, indar berriz' lelopean aurkeztu dituzte olinpiadak, «oinarriak zehaztuta, garai bateko helburuak gure eginda eta, antolakuntza independentea aurrera eramanez», azaldu dute gazteek.
Ohitura berreskuratzeko gogoz antolatu dituzte, zortzi urteren ondoren, ehunka gazte bilduko dituzten olinpiadak. Izan ere, azken olinpiadak 2018an antolatu ziren, eta 2020koak bertan behera gelditu ziren Covid-arengatik.
Askok sorpresaz hartuko zuten notizia, eta beste gazte askorentzako zerbait berria izango da; ez baitute ezagutu gazte olinpiadak zer izan diren.
Larunbatean ekingo diote aurtengoari, «gogoz, ilusioz eta arduraz», adierazi dute antolakuntzan parte hartzen ari diren gazteek.
Oinarri batzuk adostuta,
antolakuntzara batu dira
Iazko udaran, parranda batean eta txosna baten bueltan elkartuta erabaki zuten 2026an gazte olinpiadak berreskuratzea. Oinarri batzuk adostuta hasi ziren lanean, eta geroztik, antolakuntzara batu dira Hernaniko gazte asko eta asko. Iazko irailean sortu zen talde motorra, eta komunikatiboki zabaltzeko lanetan hasi ziren: gazteei informazioa zabaltzen, olinpiadak zer ziren gogorarazten, ohitura honen helburuak berriro mahaigaineratzen... asmoak zabaltzen eta batzeko deia egiten.
Pixkanaka taldeak osatzen hasi ziren: garai bateko olinpiadetako taldeak berreskuratzen eta berriak sortzen. 'Koi' sortu zen orduan, talde bakoitzeko ordezkariekin osatzen den taldea. 'Koi' taldeak bere lehen bilera deitu zuenerako, 27 taldek emana zuten izena. Horrek esan nahi zuen, inoiz izan den parte hartzerik haundiena lortu dutela aurtengo olinpiadek.
Lehen bilera hartatik, talde motorrak ikuskapen lanak egiten dihardu; 'Koi' taldeko bilera jendetsuak dinamizatzeaz eta gai ordena zehazteaz arduratzen da, baina erabakiak 'Koi'n, hau da, talde guztien ordezkaritzapean hartzen dira.
«Gure egin ditugu aurreko belaunaldiak zehaztutako helburuak»
Talde motorreko kideek azaldu dute, lehenengo olinpiada hauen helburua aurreko belaunaldiak zehaztutako olinpiada eredua berreskuratzea dela; berrikuntzak tarteko, helburuak eta oinarriak mantentzea. Eta, probak ere, gehienak, berdinak izatea erabaki dute: historikoak izan diren patinen proba edota zine gaua kasu.
Helburu nagusia Hernaniko kinta berdineko zein adin ezberdineko gazteek elkar ezagutzea dela azpimarratu du talde motorrak: «Elkarrekin harremantzea da helburu nagusietako bat, eta, garai batean horrela bazen ere, gaur egun helburu honek inoiz baino garrantzia haundiagoa duela iruditzen zaigu. Indibidualizaziora jotzen dugu etengabe, eta oso positiboa da egotea espazio bat gazteak astero-astero biltzeko aukera emango diguna».
Azaldu dute beste helburuetako bat dela gazteen beharrak eta nahiak asetzeko independenteki antolatzen ikastea. «Generazio berriei ere kultura hau zabaltzea behar-beharrezkoa da», azaldu dute. «Gazte askorentzat, gainera, lehenengo aldia izango da horrelako jardun batean antolatzen direna, eta «hori oso positiboa da guretzako».
Esan bezala, helburuak ez dira berriak; are gehiago, olinpiadetako hasierako testuetan ere ageri dira oinarri hauek. Hala ere, gazteek ideia berrietan ere sakondu dute. Besteak beste, sagardotegi tenporadak herriko gazteengan sortzen dituen arazoak jarri dituzte jo puntuan, azalduz, ez dutela Kaxkoan «lasai» egoteko lekurik aurkitzen. «Eta, kezkagarriagoa dena, oso zaila da sortzen den jai eredutik aldentzea gure herrian bertan», diote.
Gauzak horrela, larunbat honetan emango diete hasiera 2026ko Hernaniko gazte olinpiadei. Beraz, frexkatu memoria, badatoz eta olinpiadak. Eta, probaren bat galduz gero, lasai, 'Olinpik news'ek bertatik bertara informatuko baitu herria.
HERNANIKO GAZTE OLINPIADAK 2026
PROBEN EGUTEGIA ETA TALDE ANTOLATZAILEAK
OTSAILAK 28 Inaugurazioa: Mixto Kalixto eta Zanpantzarrak.
MARTXOAK 14 Txibierro jokoak: Pabo Rangers eta Autobus Tragikoa.
MARTXOAK 19 Patinak: Neu Balantzan eta Astotxoak.
MARTXOAK 27 Giza jokoak: Txerri beltzak eta Apa_tte!
APIRILAK 17 Mahai jokoak: Pizti nago eta 4 t'erdi Plaza Berri.
APIRILAK 25 Ginkana: Atzoko ogia eta Hankaz gora.
MAIATZAK 8 Poliziak & lapurrak: K-azkarrak eta Goazen Kaylie!
MAIATZAK 16 Tobogana: Etzuskiñans, Kontuz atxuak eta Pottokak.
MAIATZAK 29 Zine gaua: Xatorkeitan eta AMPA.
EKAINAK 6 Ardi proba: Ardi ibili, Txoixuak eta Harrapazank.
EKAINAK 13 Altxorraren bila: Jarri Pote, Jonsonak eta Moxkor Irratia.
Olinpiadek iraun bitartean, Psycho killer jokoa: Tutti Frutti eta Txupit'onak.