«Euskalgintzaren diskurtso eta praktika berritzeko asmoz», hausnarketa prozesua abiatu zuen Hernaniko AEKk, joan den urtean. Horren baitan, bilerak egin dituzte herritar eta eragileekin, eta proposamen ireki bat ere landu dute. «Uste dugu hurrengo urteetako euskalgintzak oinarrizko marko teorikoa adostu behar duela eta, era berean, marraztu behar ditugula elkar saretzeko eta elkarlanerako bideak», nabarmendu dute. Horretaz guztiaz aritzeko, batzar irekia antolatu dute ostiral honetarako. Biteri kultur etxean izango da, arratsaldeko 17:30etan hasita, eta gaiaren inguruko interesa duten guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.