«Oso aho zapore txarra utzi digu joan den asteburuko porrotak. Etxean galtzea, eta modu horretara, oso mingarria izan da», aitortu du Xabier Lukasek, aho-bizarrik gabe. Hernanik punturik lortu gabe galdu zuen Pozueloren kontra (0-9), joan den igandean Landaren; eta horrekin, hiru porrot segidan pilatu dituzte trikoloreek Ohorezko Elite Mailan.
Denboraldiko boladarik txarrenean da Hernani, zalantzarik gabe; baina amore ematetik urrun, bere bertsiorik onena erakusteko gogotsu dira. Eta ez dute horretarako aukera galdu nahi gaurkoan: etxean ariko dira berriro, Valenciaren kontra, 12:00etan Landaren.
«Bai ala bai garaipena lortzeko prestatu gara aste honetan, eta irabazi beste aukerarik ez daukagu», adierazi du Lukasek. Taldeko kapitainetako bat denak garbi dauka «oso hasiera kaxkarra» eman diotela ligako azkeneko blokeari, emaitzei dagokienean; baina garbi dauka, era berean, beraien esku dagoela hori aldatzea: «Guri dagokigu bolada txarrari buelta ematea, eta erakutsi nahi dugu taldea joko dinamika onean dagoela, aurreko partiduak txarrak izan arren. Valenciaren kontrako partidua klabea izango da horretarako». Izan ere, aurreko hiru partiduak galdu arren, aurreneko lau postuetan jarraitzen dute trikoloreek, bere helburua lortzeko lehian bete-betean: igoerako play offera sailkatzea. «Ikusi dugu, bolada txarra izanda, oraindik hortxe gaudela, eta gure helburuaren bila jarraituko dugu», dio Lukasek.
Zaleen betiko bultzada beharko dute gaurkoan, berriro garaipenak pilatzen hasteko.