Joan den abenduan eman zion behin betiko onarpena Hernaniko Udalak, Atzietan urbanizazio berri bat egiteko plan bereziari. Horrekin batera, eta garapen urbinistikoaz gain, «espazio publiko bateratu bat» sortu nahi du Udalak, garapenean eskuratuko dituen lursailetan; eta espazio horren erabileraren inguruan, «hausnarketa saioak» antolatu ditu datozen asteetarako.
Herritarrekin bi bilera ireki izango dira, eremu publiko horri buruzko ekarpenak jasotzeko. Datorren asteazkenean egingo dute aurrenekoa, otsailaren 25ean: arratsaldeko 18:00etan, Biteri kultur etxean. Bi aste beranduago izango da bigarrena, martxoaren 11n, hori ere asteazkenez eta ordu eta leku berean.
Eremu horrek hartuko ditu Goiz Eguzkiren azpiko aldea eta Txili aurreko eskaileretara bitarteko zatia, eta baita eskaileren bestaldeko zati bat ere. «Herritarrentzako erabilgarria izango den eremu bat sortzeko helburuz, partehartze aktibo bat bilatu nahi dugu», azaldu du Udalak. Horretarako, saioetara bertaratzeko deia luzatu diete «eremuaren gertutasunagatik antolatuta dauden elkarteei, eta baita gainerako herritarrei ere».