«Txotx denboraldiak sortzen duen girotik ihesi, gazteen gotorleku izango da Kontrakantxa»

Libe Murua Masid 2026ko otsailaren 21a

Gazteen elkargune izango da Kontrakantxa, gaur arratsaldetik gauera.

Taldekako tribiala antolatu dute gaur arratsalderako Gazte Asanbladako kideek. 17:30etan irekiko dituzte gaztetxeko ateak, eta gauean zehar ere bertan egoteko aukera izango dute gazteek. 

Txotx denboraldian gazteentza­ko «gotorleku» izan nahi du Kon­trakantxak. Sagardotegi ten­poradak sortzen dituen «gatazken artean», gazteek ere badute zeresana. Izan ere, Gazte Asanbladak azaldu du gazteek ez dutela lasai egoteko espaziorik herrian, eta giroa «erabat» aldatzen dela hilabete luzez. 

Horregatik, larunbat arratsaldeetan ekintza ezberdinak antolatzea da asanbladaren asmoa. Taldekako tribiala egingo dute gaur, eta hitzordua jarri dute: arratsaldeko 17:30etan gaztetxe­an. Jokoan parte hartuko dute 2-3 pertsonak osatutako taldeek: «Talderik izan ezean, lasai! Etorri eta osatuko dugu denon artean». 

Gauez ere irekita mantenduko da gaztetxea, beraz, parranda egin nahi duenak ere aukera izango du. Hala jolasteko nola bertan lasai egoteko espazioa izango dela dio asanbladak: «Lagun artean egoteko, trago bat hartzeko, berriketan aritzeko eta harreman berriak eraikitzeko aukera izango da». 

Sormen tailerraren bigarren saioa, asteartean

Larunbateko planaz gain, sormen tailerrak antolatzen ari da asanblada; eta astearterako ere badute plana: Zeramika tailerraren bigarren saioa egingo dute. Lehenengo saioaren balorazio «positiboa» egin dute, eta bertaratutakoak «oso gustura» egon zirenez, errepikatzea erabaki dute. Arratsaldeko 17:30etan hasiko da tailerra, Kontrakantxan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!