«2025eko aurrekontu akordioa betetzea» eskatu dio Hernaniko EAJk EH Bilduri

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 20a

Hernaniko EAJk helarazitako irudia, Goiz Eguzkiko espazioa irudikatuz.

Jeltzaleek salatu dute Goiz Eguzkiko proiektuan aurreikusita dagoela balio anitzeko pabilioi itxi bat, baina udal gobernuak ez duela gauzatu.

Hernaniko EAJ-PNV kritiko azaldu da EH Bilduren udal gobernuarekin, Goiz Eguzkiko proiektuaren harira. Azaldu duenez, udal gobernua ez da betetzen ari 2025eko aurrekonturako lotu zuten akordioa: «Goiz Eguzkiko pistan erabilera anitzeko espazio itxi bat eraikitzeko egingarritasuna aztertzea adostu genuen, Portu eta Elizatxotik Kaxkorako igogailuaren sarbidearekin bateragarria, horretara 10.000 euro bideratuta. Baina udal gobernuak ez du egin, eta badirudi ez dela egiten ari. Jarduera falta hori larriagotu egiten da, gainera, Goiz Eguzkiko adinekoen kirol jardueretarako espazio itxi berri baten egungo eta premiazko beharragatik; hala nola, zumba taldearen jardueragatik». Azaldu dutenez, igogailuaren diseinuan «funtsezko hainbat aldaketa» proposatu zituen EAJk, «Goiz Eguzkiko parkearekin erabat integratzeko eta Kaxkora eta pabiloi horretara zuzenean sartzeko».

Jeltzaleen ustez, pabiloi itxi­ak zerbitzua eskainiko lieke adi­­nekoei eta kirol klub batzuei. Horregatik proposatu zuten, klubek «ordutegi li­­bre­etan erabiltzeko aukera eman­go duen pabiloi bat» diseinatzea, «kiroldegia deskongestionatu ahal izateko». Gainera, igogailuaren goiko sarbidea erretiratuen etxerantz bideratzea ere proposatu zuten, «Goiz Eguzki udalerrian elkargune bizi eta dinamiko bihurtzea sustatuz».

Bestalde, EAJk adierazi du 2025eko aurrekontu akordioan jasota zegoela Atzietako etorkizuneko parke publikoarentzako ideia lehiaketa bat egitea ere, baina EH Bilduk atzera bota duela, «aitzakiatzat hartuta ez duela merezi lan horrekin hastea, urteak kajoi batean sartuta egon dadin». 

 

Kale Nagusia Zinkoenean  semipeatonalizatzea

Beste proposamen bat ere plazaratu du EAJk: Kale Nagusiaren Zinkoeneako zatia semipeatonalizatzea, Agustinetako konben­tu­aren ondoan. Horretarako, ados­tu zuten 2025ean proba pilotu bat egitea, ikusteko aldaketak zein eragin izango lituzkeen trafi­ko­an. «Horrekin, plaza humanizatu nahi dugu, bere erabilera haundituta segurtasunez. Baina gaur arte, udal gobernuak ez du ezertxo ere egin horrekin lotuta».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!