Hiru astez egin zuen erronda Hernaniko Udalak, auzoz auzo, bizilagunen kezkak eta proposamenak jasotzeko: urtarrilaren 12tik 29ra egin zuen Auzobira, zazpi bileratan. Eta orain, bilerek emandakoarekin, «balorazio positiboa» egin du Udalak.
Azaldu duenez, auzotarren «ideia, kezka eta proposamen ugari» jaso dituzte, bai bileretan, bai aurretik. Izan ere, berrikuntza gisa, aurten aukera eskaini zuten bileretan lantzeko interesekoak izan zitezkeen gaiak planteatzeko, aldez aurretik. Horrela, 53 herritarrek eta sei auzo elkartek egin zituzten beraien ekarpenak. Bileretan, berriz, 160 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte, Udalak jakinarazi duenez.
Hainbat helburu izan dituzte bilerek: udal gobernuaren programaren ildo nagusiak partekatzea, datozen ekintza garrantzitsuenen egoera azaltzea, eta auzoetako gaiak lantzea, «auzotarrek proposatutakoak banan-banan landuz». Zentzu horretan, bileren garrantzia azpimarratu du Xabier Lertxundi alkateak: «Oso aberasgarriak dira udal taldearentzat, herritarrekin harreman zuzena izan eta auzoetako kezkak zein proposamenak bertatik bertara jasotzeko aukera ematen baitigu».
Gauzak horrela, hasteko, udal gobernuak proposatutako neurrien egoera azaldu dute bileretan: «Proposatutako 135 neurrietatik, %88,2 dago bideratuta edo bidean, eta 16 bakarrik daude hasi gabe. Ekainean egingo dugu neurri horien eguneraketa, legegintzaldiaren hiru laurdenak betetzearekin batera».
Ondoren, hizpide izan dute, baita ere, iazko Auzobiraren bileratan jasotako ekarpenen egoera eta betetze maila. Aurretik jasotako ekarpenen inguruan ere aritu dira bileretan. Eta azkenik, solasaldirako tartea utzi dute bilera bakoitzean, «bertaratuen ekarpen eta eskaerak zuzenean jaso eta horien inguruko kezkak argitzeko aprobetxatuz. Zalantza asko bideratzeko aukera izan da, eta beste hainbat 'etxeko lan' modura hartu ditugu», azaldu du udal gobernu taldeak.
Auzo bileretako aktak publiko egingo dituzte
Udalak azaldu du, era berean, publiko egingo dituela aurtengo Auzobiraren bileretako aktak, bertan jasotakoak herritarren eskura jartzeko. «Egindako bileretan aipatutakoek duten garrantziaz jakitun, bilera guztiak publiko egitea erabaki dugu. Bilera horietan parte hartu zutenek aipatutakoak gorde ahal izateko, baina batez ere, parte hartu ezin izan zuten guztiek beraien auzoetan zein gain landu ziren ikusi ahal izateko». Datozen asteetan jarriko dituzte aktak ikusgai, eta Udalaren komunikazio bideetan iragarriko dute.