'Txillarreko sukaldaria' dokumentala eskaini eta liburua aurkeztuko dute datorren asteazkenean, Biterin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 20a

Pello Rubio da dokumentaleko eta liburuko protagonista.

ETAk bere jarduera armatua uztea bideratu zuen prozesua dute oinarri dokumentalak eta liburuak: Txillarre baserrian egin zituzten elkarrizketa haiek PSE-EEk eta Ezker Abertzaleak. Pello Rubio izan zuten sukaldari, eta bera da protagonista.

Elgoibarko Txillarre baserrian eseri ziren 1999an, mahai beraren bueltan, PSE-EEko eta Ezker Abertzaleko kide bana. Ixilpean gonbidatu zituen bertara bi lagun Pello Rubiok, eta sukaldari lanetan aritu zen haientzat: Jesus Egiguren eta Arnaldo Otegi. Elkarrizketa haiek abiarazi zuten ETAk bere jarduera armatua uztea bideratuko zuen prozesua. Baserritar bihurtutako sindikalista ohia zen Pello Rubio, eta berak otordua eman bitartean, elkarrekin hizketan jarri zituen Egiguren eta Otegi: presoez, atentatuez, gatazkaz, konponbideaz... Aurreneko bazkaritik gehiago etorri ziren, eta horren ondorio izan ziren bestelako foroak eta elkarrizketa mahaiak: Loiolan, Genevan, Oslon...

Orain, 26 urteren ondoren, horri buruzko dokumentala eta liburua osatu dute Asier Ibaibarriagak eta Edurne Martinek. Pello Rubio bera da protagonista, eta bere bizipenak bildu dituzte bi lanetan, 'Txillarreko sukaldaria' izenburuarekin. Rubiorekin izandako elkarrizketa bizi eta arinak dituzte oinarri.

Datorren asteazkenean ekarriko dituzte biak Hernanira: Biteriko areto nagusian jarriko dute dokumentala, arratsaldeko 19:00etan hasita; eta liburua aurkeztuko dute ondoren. Izan ere, bertan izango dira bi egileak, eta haiekin solasaldia egingo dute bertaratuek, dokumentalaren bukaeran.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!