Rap feminista nola egiten den irakatsiko du gaur Jessica Gonzalez 'La Jeka' aktibista argentinarrak. Calcula Ondoan erakundearen eskutik antolatu da jarduera, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan, arratsaldeko 17:30etatik 19:30ak bitarte. Helburua, emakumeek rapa «adierazteko eta ahalduntzeko» genero musikal moduan erabiltzen ikastea izango da. Horregatik, emakumeei soilik zuzendutako tailerra da gaurkoa.
Hari beretik, beste zenbait helburu ere baditu tailerrak: adierazpen pertsonala sustatzea, feminismoa musikan aztertzea, trebetasun teknikoak garatzea eta komunitatea sortzea.
Guzti hau, giro «inklusiboan eta errespetuzkoan» sustatuko dela azaldu dute, ahots bakoitza «baloratu eta entzun» dadin.
Horretarako, dinamika ezberdinak egingo dira saioan: talde-dinamikak, banakako ariketak, abestien analisia eta ahozko idazketa eta praktika saioen konbinazioak.
Dinamizazio lanak egitera etorriko da Jessica Gonzalez 'La Jeka' aktibista argentinarra. Cordobako Mujeres Activando kooperatibako burua izateaz gain, azaldu dute emakume sortzaile eta aktibista dela bera, musikaren, artearen eta idazketaren bidez «komunitateetan eragin soziala sortzen duena».