Hezkuntza komunitatea eraikitzera bidean, martxan jarri du formazio zikloa Langile ikastolak

Libe Murua Masid 2026ko otsailaren 18a

Irakurtzearen garrantziaz aritu zen Jabier Azpitarte, azkeneko saioan.

Familia eta ikasleentzako formazioak dira, adin ezberdinetara egokituko gaiak jorratzeko helburuarekin. Saioetan «mundu digital eta konplexu honi aurre egiteko» tresnak eskainiko dituzte hainbat adituren bitartez.

Formazio saioak antolatu ditu Langile ikastolak, bertako familia zein ikasleentzako. Hezkuntza komunitatea eraikitzeko helburuarekin, adin ezberdinetara egokitutako gaiak jorratuko dituzte formazio saio hauetan. 

«Mundu digital eta konplexutik babesteko» formakuntzari garrantzia berezia eskaini nahi dio ikastetxeak, hala azaldu du: «Ez dezagun ahaztu informazioa, komunikazioa eta formazioa direla gure haurrak mundu digital eta konplexu honen aurrean babesteko tresnarik onenak». 

Azken saiora Jabier Azpitarte gonbidatu zuten, eta irakurtzearen garrantzia mahaigaineratu zuen. Azpitartek kezkaz adierazi zuen gaur egungo gizartean aho-hizkuntza gutxiago lantzen dela: «Teknologiaren menderatzeak guraso eta haurren arteko interakzioa murriztu du, eta horrek zuzenean eragiten dio hiztegiari, adierazpenari eta memoriari». Irakurtzeak denbora eskatzen duenez, berehalakotasunaren garaian arreta mantentzea «erronka» bihurtu dela azaldu zuen. Horregatik, trebetasun horiek lantzea «funtsezkotzat» jo zuen, hala gure egunerokotasunerako nola etorkizunerako herritar «kritikoak» hezteko. «Irakurketak gure barne artxiboa elikatzen du, mundua ulertzeko tresnak emanez», gehitu zuen. 

Ez da saio bakarra izan. Erramun Galparsororekin HH2ko gurasoek psikomotrizitatearen garrantzia jorratu zuten, «haurren garapen integralerako oinarri gisa». Eta helduagoekin, teknologiaren eta afektibitatearen erronkei heldu diete orain. Batetik, LH4. mailan Esther Martinez arituko da diziplina positiboa eta arauen adoste eta ezartzeaz. Bestetik, LH5. mailan Miren Rosse arituko da sare sozialen eta teknologia berrien erabileraren inguruan. Eta, azkenik, LH6. mailan LAHIA 3.0 taldeak sexualitatearen inguruko saioak eskainiko ditu. 

Azken bi saio hauetan, ikasleekin ere lanketa egingo da egokitutako gaien inguruan, eta ondoren, familiei haurrekin landutakoaren deboluzioa egingo zaiela azaldu du ikastetxeak, «etxean eta eskolan mezu berdinak partekatzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!