June Ruiz esgrimista hernaniarra, Espainiako txapeldunorde juniorretan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 18a

June Ruiz, zilarrezko dominarekin, Espainiako Txapelketaren podiumeko bigarren koxkan.

Ezustekoa eman zuen Burgosko Roa de Dueron, junior mailako bere aurreneko urtean finalera sailkatuta.

Ibilbide harrigarria osatzen ari da June Ruiz Belategi esgrimista hernaniarra, eta beste urrats haundi bat eman zuen aurreko asteburuan: Espainiako txapeldunorde izan zen junior mailan, Burgosko Roa de Dueron. 20 urtetik beherakoen kategorian aurreneko urtea du Ruizek, eta ezustekoa eman zuen finalera sailkatuta, 42 partehartzaileren artean.

Izan ere, ez zegoen faborito nagusien artean, Espainiako zirkuituko aurreko probetan seigarren eta zazpigarren sailkatu ondoren, eta Tunezeko eta Hungariako Munduko Kopako probetan emaitza nabarmenik lortu gabe. Baina Espainiako Txapelketan sekulako mailan aritu da beti, aurreko hiru txapelketetan urrea lortuta (azpiko kategorietan); eta hala egin du oraingoan ere, finalera sailkatuta. Aurreneko fasean, sei asaltoetatik bost irabazi zituen, eta seigarren postuan sailkatu zen. Baina hortik aurrera, asalto guztietan nagusitu zen, finalera bitarte. Lucia Jimeno madrildarrak menderatu zuen finalean (10-15), 2024ko txapeldunak.

Hurrengo zita garrantzitsua datorren astean izango du hernaniarrak: junior mailako Europako Txapelketan aritzeko hautatu du Espainiako selekzioak, Georgiako Tbilisin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!