Bukatu dituzte Hernaniko autokarabana area berritzeko lanak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 18a

Urak hustutzeko eta betetzeko bi gune jarri dituzte autokarabana arean, eta itxitura berritu dute.

Urak hustutzeko gunea egokitu eta haunditu dute, eta bi plaza gehiago sortu dituzte. 35 autokarabanarentzat dauka tokia orain.

Hernaniko autokarabana area berritzeko eta hobetzeko lanetan aritu da Udala, azkeneko hilabeteotan; eta dagoeneko bukatu dituzte obrak. Horien bitartez, urak hustutzeko gunea egokitu eta haunditu dute, eta bi plaza berri sortu dituzte arean.

Ur-zikinak hustutzeko eta ur garbia betetzeko, gune bakarra zegoen orain arte, eta bi jarri dituzte orain, lau iturrirekin: horietako bi ur garbia betetzera bideratuta, eta beste bi komuneko depositoa garbitzeko egokituta.

Arearen itxitura ere berritu dute, autokarabana gunea eta kotxeak aparkatzeko tokia bereiziz; eta arearen barruan bi plaza gehiago izango dira aurrerantzean: 35 autokarabanarentzat dago tokia orain.

Lan horiek egitera 45.589,82 euro bideratu ditu Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!