Auzolana antolatu du Sagarreta Natur Taldeak, igande honetarako: haziak ereingo dituzte, eta ontziz aldatuko dituzte joan den urtean ereindako hazietatik sortu diren zuhaixkak.
Iturolako mintegian izango da, Burujabetzen etxean. Goizeko 10:00etan hasiko dute auzolana, eta eguerdira arte luzatuko da. Edonork hartu dezake parte, familientzat eta haurrentzat ere aproposa baita. Eskertuko dute aldez aurretik izena ematea, info@sagarreta.eus helbide elektronikora idatzita.
Bertako basoa sustatzea da Sagarretaren helburuetako bat, eta horri begira, bertako basoetako haziekin osatutako mintegiaren proiektua dauka martxan, Iturolan. Udazkenean biltzen dituzte haziak, eta ondoren, mintegian erein eta hazi, auzolanean.
Datorren larunbatean ereingo dituzte joan den udazkenean Hernaniko parkeetan bildutako haziak, eta era berean, ontzi haundiagoetara aldatuko dituzte joan den urtean erein zituzten haietatik sortu diren zuhaixkak. Hainbat espezietako zuhaixkak daude bertan: haritzak, pagoak, elorriak, ametzak, arteak...
Hamaiketakoa ere izango dute auzolanaren bukaeran, indarrak berritzeko.