Mastersari ekingo dio Endika Barrenetxeak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 14a

Ia 10eko partidua beharko du Barrenetxeak, Ansari irabazteko.

Semifinaletako ligaxkan, estreinako partidua jokatuko du gaur hernaniarrak, 16:30etan, Imanol Ansaren kontra.

 

Lau hilabete eta erdi joan dira, Endika Barrenetxea hernaniarrak azkenekoz jokatu zuenetik txapelketa ofizial batean. Eta gaur bueltatuko da lehia horretara, Buruz Buruko Masters Txapelketan, Binakakoan baja izan ondoren.

Masterseko semifinaletako ligaxkan hasiko du ibilbidea Barrenetxeak, eta Imanol Ansa urnietarraren kontra jokatuko du, ligaxkako bigarren jardunaldian: Galarretan, gaur arratsaldeko 16:30etan hasiko den jaialdian. Ez da batere partidu xamurra izango hernaniarrarentzat, Aritz Juanenea nagusitasun haundiz menderatzetik baitator Ansa: 30-8 gailendu zitzaion saldiastarrari, ligaxkako estreinakoan.

Aurreneko emaitza horrek, dena den, badauka bere alde ona Barrenetxearentzat. Izan ere, puntu negatiboa jaso zuen Juaneneak, eta horrek finalerako txartela erraztu diezaioke hernaniarrari: gaur Ansari irabaziz gero, ia ziurtatuta izango du pasea. Galduz gero, berriz, Juanenearen kontrakoan erabakiko lukete zein den bigarren finalista.

Txapelketetatik kanpo bai, baina ez da lehiatik kanpo izan Barrenetxea, hilabete hauetan. Binakako partiduak jokatu ditu abendutik hona, eta maila bikaina erakutsi du, gainera. Buruz buruko lehiara egokitzen aritu da azkeneko asteotan, eta sasoi onean iritsiko da gaurkora, Ansari aurre egiteko.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!