«Gure esku dago play offera sailkatzea, eta oso motibatuta gaude»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 14a

Zaleen bultzada espero dute trikoloreek bihar, beste igande batez.

Bi asteko etenaldiaren ondoren, Landaren ariko da Hernani bihar, eguerdiko 12:00etan, Pozueloren kontra.

Fase erabakigarrian sartu da Hernani, errugbiko Ohorezko Elite Mailan. Eta «oso gogotsu eta motibatuta» iritsi da, gainera, Anartz Elosegi kapitainak aitortu duenez. Azkeneko zortzi partiduetatik bost etxean jokatuko dituzte, eta horrek indarra eman die, helburu nagusiari begira: aurreneko lauen artean sailkatzea, igoerako play offa jokatzeko. «Laugarren gaude, eta gure esku dago play offera sailkatzea».

Bihar eguerdian jokatuko dute etxeko bost horien artean aurrenekoa: Pozueloren bisita jasoko dute Landaren, 12:00etan, bi asteko etenalditik bueltan. «Sekulako gogoa daukagu berriro martxan jartzeko, gure zaleen aurrean. Aurreko bi porrotei buelta eman nahi diegu, eta garaipenen bidera bueltatu. Taldea ondo dago; min hartuta zeuden jokalari asko berreskuratu ditugu, gainera».

Oso garrantzitsua izango da biharkoan garaipena lortzea, trikoloreentzat: «Gabonetako etenaldiaren ondoren, beti daukazu beldurra, hiruzpalau astez jokatu gabe egon eta nola ekingo diozun. Oso ondo hasi ginen, etxean irabazita eta sentsazio onekin. Baina hurrengo bi partiduak galdu egin genituen kanpoan». Edonola ere, bere neurrian jarri nahi izan ditu porrotak Elosegik: «Bi partidu segidan galtzeak mina ematen du, baina kontua ez da asko aldatu. Hasieratik, bagenekien oso zaila izango zela etxetik kanpoko partiduak irabaztea, eta aurreneko itzulian partidu dexente irabazi arren, ezin dugu pentsatu beti hala izango dela. Partidu guztiak dira oso zailak, eta etxetik kanpokoak bereziki».

Zentzu horretan, garbi daukate zein den play offera sailkatzeko bidea: «Etxeko partidu guztiak irabaztea da helburua, eta etxetik kanpo ahalik eta puntu gehien pilatzea».

Kontrario arriskutsua izango da Pozuelo bihar, seigarren sailkatua eta azkeneko bi partiduak irabazi dituena. Baina garaipena etxean geratzea nahi dute trikoloreek, bai ala bai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!