«Boterearen eta indarkeriaren irakurketa egin eta erabaki feministak hartzeko hausnartuko dugu»

Libe Murua Masid 2026ko otsailaren 14a

Iñi Etxezarreta Eihera kooperatibako kidea da.

'Gizonak eta feminismoa' tailerra antolatu du Hernaniko Udaleko Berdintasun sailak. Irekita dago izenematea eta otsailetik apirilera arte bi orduko hiru saiotan osatuko da tailerra, euskaraz. Gizonentzat soilik izango da.

Gizonentzako feminismo tailerra antolatu du Hernaniko Udaleko Berdintasun sailak, otsailetik apirilera arte. Orotara, bi ordukoak izango diren hiru saiok osatuko dute tailerra. Izenematea irekita dago eta otsailaren 19ra arte egongo da zabalik. Saioak otsailaren 26an, martxoaren 26an eta apirilaren 23an izango direla jakinarazi du Udalak, Kulturarteko Plaza Feministan (Florida, 28). Talde ez-mistoa izango da, gizonentzako soilik eta haurrak zaintzeko zerbitzua eskainiko da. 

'Gizonak eta feminismoa: ardura, pribilegioak eta boterea' izenburupean antolatu dute tailerra eta Eihera kooperatibako Iñi Etxezarreta izango da dinamizatzailea. Berak azaldu ditu tailerraren gako nagusiak: «Mugimendu feministaren azken urteetako indar eta gorakadak eztabaida eta korapilo asko ekarri ditu gurera. Indarkeria matxistaren aurpegi ezberdinak plazaratzearekin batera, horren gaineko ardura eta erantzukizunak ere ipini dira erdigunean eta horrek erresistentzia batzuk ekarri ditu», azaldu du Etxezarretak.  Hari beretik, gizonak feminismoarekiko duten arduraz asko eztabaidatu badute ere, gizon askok nahikoa aurrerapauso eman ez izanaren kezka nagusitu dela dio, «zer egin eta nola jokatu ez jakitearen aitzakipean». 

Etxezarretak dionari jarraiki, saioetan «eztabaida erreakzionarioak alde batera utzi, boterearen eta indarkeriaren irakurketa egin eta erabaki feministak hartzeko hausnarketa» egingo dutela azaldu du. 

Metodologia parte hartzaile eta dinamikoak presentzia haundiagoa hartuko duela dio Etxezarretak, «metodologiak moldatzen duelako tokian egoteko modua eta gorputza; eta horrek iragazkortasuna haunditzen duelako».

Tailerraren amaieran, ondorio zehatz batera iritsi nahi du, horrela kontatu du Etxezarretak: «Ondorio batera iritsiko gara, eta, zera da, gizonek feminismoarekin egin behar dutena dela ardurak eta erabaki konkretuak hartzea, hori baita konpromiso feministak ukitzea».  

Tailer honen beharrezkotasuna ere nabarmendu du: «Garrantzitsua da momentu historiko bati erantzuten diolako, non gizonek urrats kualitatibo bat ematen behar duten». Garrantzitsua dela, «errakzionarismo misogino, matxista, antifeminista, LGTBIfobiko eta arrazista bat gertatzen ari delako, erreakzionarismo faxista bat ere bai, baina inportantea da indarkeria guztiak izendatzea eta esplizitatzea», dio. Eta testuinguru honetan, gizonak «ideia konkretu batzuen mugatzaile eta indarkeria batzuen neutralizatzaile» izan behar direla azaldu du. Hau da, bigarren plano batean egotetik, agente aktibo feministak bilakatzeko pausuaz ari da Etxezarreta.     

 

Izenemateko hiru modu

Hernaniko Udalak tailer honen beharrezkotasuna argitu du azalduz, Berdintasunerako IV. Planaren helburuetako bat zela herritarrak feminismoaren inguruan sentsibilizatzea eta trebatzea, eta, hain zuzen ere, gizonezkoen sentsibilizazioa berariaz jasotzen dela tailer honen bidez.

Izenemateko aukera dago hiru modutara. Batetik, online bidez: www.hernani.eus/tailerra-eta-ikastaroak webgunean. Bestetik, email bidez; kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbidean. Eta, azkenik, telefono bidez: 943 33 70 17 zenbakian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!