Argentinako Cordoba hiritik iritsiko da Jessica Gonzalez 'La Jeka' sortzaile eta aktibista ostegunean. Egun horretan bertan eskainiko du rap feministako tailer teoriko-praktikoa Hernaniko Kulturartelko Plaza Feministan. Arratsaldez izango da saioa, 17:30etatik 19:30ak bitarte. Bi orduz, rapa «adierazpenerako eta ahalduntzerako» genero musikal moduan nola erabili daitekeen erakutsiko da. Emakumezkoentzako tailerra izango da eta izena ematea nahitaezkoa da; horretarako, 943 431 849 telefono zenbakira deitu daiteke.
Tailerra Calcuta Ondoan erakundeak antolatutako jarduera da. Adierazi dutenez, musikaren, artearen eta idazketaren bidez komunitateetan eragin soziala sortu duen aktibista da Jessica Gonzalez. Bere ibilbidean zehar, genero-indarkeriaren aurkako lanketa, emakumeen ahalduntzea eta natura zaintzea izan ditu ardatz, borrokarako kultura eta sormena baliatuz. 'La Jeka' Cordobako Mujeres Activando kooperatiba feministako burua ere bada, eta hirian gizarte eta kultura munduan egindako aktibismoagatik da ezaguna.
Erakundeak azaldu du, talde-dinamikak, banakako ariketak, abestien analisia eta ahozko idazketa eta praktika saioak konbinatuko dituela aktibistak. Ariketek zenbait helburu izango dituzte ardatz. Batetik, adierazpen pertsonala sustatuko da, parte hartzaileen pentsamenduak, emozioak eta bizipenak rap letretan islatzen. Bestetik, feminismoa musikan txertatzen erakutsiko da, «rapa erresistentziarako eta aldarrikapenerako tresna izan daitekeela» hausnartuz. Trebetasun teknikoak garatuko dira, erritmoak, inprobisazioa eta interpretazio teknikak irakatsiko dira. Azkenik, komunitatea sortzeko helburua ere badu saioak, «tailerra espazio segurua izango da, askatasunez partekatzeko eta adierazteko».