Uztailean antolatu zuten lehen bidaia Jon Zamora 'Zamo' eta Jon Villar 'Txili' hernaniarrek. TxanGO! proiektuko lehen ekintza honek indarra eman die bigarren bati ekitekoa. Horrela antolatu dute bigarren txangoa otsailaren 28rako. Lizarrako Matauten herrira joango dira, zehazki, trufaren museoa bixitatzera. Baina, ekintza gehiago ere izango dira tartean.
Goxotasun eta poztasun haundiaren hitz egin dute uztailean egindako bidaiaz: «Irteera magikoa izan zen lehenengoa, eta bide beretik jarraitu nahiko genuke», diote gazteek. Orain, bigarren irteera dute eskuartean eta apuntatzeko azken eguna hilaren 22a izango da. Aurreko bidaian izandako erdiek dagoeneko eman dute bigarrenerako baiezkoa, eta interesa dutenek, beraien telefono zenbakietara deitzea besterik ez dute: 650947623 ('Zamo') eta 683556780 ('Txili').
Lehenengo esperientziak proiektuarekin aurrera jarraitzeko indarra eman diela azaldu dute, izan ere, «modu batera edo bestera, proiektuak bere xedea lortu du». Hau da, planak egiteko gogoa duen jendea batzea lortu dute hernaniarrek. Ez bakarrik Hernanikoak, are gehiago, lehenengo irteeran %80a hernaniarra bazen ere, bigarren honetan inguruko herrietara zabaltzeko ahalegina egingo dute, «geroz eta gehiago zabalduz eta nahastuz hobe!».
«Herritik gure ingurua mugitzea lortu genuen; nire amak bere inguru guztiari sekulako lata eman zion, eta azkenean bion amek hartu zuten parte, baita familiak eta lagunek ere». Horra erraz heldu ziren, baina kanpotik eta talde txikian edo bakarka iritsi zirenengan jarri dute fokua: «Kanpotik etorri zirenek betetzen zuten gehienbat proiektuaren helburua eta perfila: planak egiteko gogoa zuen jendea eta horrelako komunidade baten parte izateko gogoa zeukana». Inguruko herrietatik iritsi ziren gutxi horiek: Lezotik, Hondarribitik, Lasartetik, Donostiatik eta Astigarragatik.
San Martin de Unx-era egin zuten lehen irteera
TxanGOren lehen ekintza San Martin de Unx-era bidaia izan zen. Uztailean 40 bat lagun elkartu zirela azaldu du Txilik, uste zutena baina askoz ere jende gehiago azkenerako: «Uztailean egin genuen lehen bidaia eta ezjakintasun eta urduritasun haundiarekin bizi izan genuen. Harrera oso ona izan zuen eta azkenean 40 bat lagun elkartu ginen, guk uste genuena baina askoz ere gehiago». Pertsona kopuru minimo bat ezarri bazuten ere, zenbakietara «errex» iritsi zirela azaldu dute: «Nahiago genuen jende gutxiago etortzea eta goxoagoa izatea, lista luze bat edukitzea baino. Halere, kuadrila ederra elkartu ginen azkenerako, eta horrek ez zuen taldearen esentzia apaldu», gehitu dute.
«Aurrenekoan ezagutu ziren hiru, lagun minak dira orain; hori kristona da guretzat»
Historia polit baten berri izan dute azken egunetan, beraien proiektuaren xedearekin bat datorrena eta ilusio «berezia» sortu diena. Hala kontatu du Zamok: «Bigarren irteera honetako zerrenda errepasatzen konturatu ginen uztaileko bidaian topo egin zuten hiru pertsona batera apuntatu zirela; eta idatzi egin genien: 'Zuek hirurak batera apuntatu zarete, baina ez zineten batera etorri lehenengo bidaian', eta horrela erantzun ziguten: 'Han ezagutu ginen eta geroztik lagun minak egin gara'. Neurri txiki batean bada ere, hau entzutea kristona da guretzako».
Otsaileko irteeran, trufaren museoa bixitatuko dute
Plan ederra osatu dute otsailaren 28rako. Matauten herrira gerturatuko dira eta bertan dagoen trufaren museoa bixitatuko dute. Lehenago pikoteoa egingo dute, produktu trufatuen kata bat eta ondoren, denboraldiko trufaren bilaketa txakurren bidez nola egiten duten ikusiko dute. Bazkaltzera Lizarrara joango dira. Menu tradizionala izango dute zain bertako jatetxe batean: lehenengo platera, bigarrena eta postrea. Ondoren, sobremesa ederra egingo dute, arratsaldeko saiora indarrez iristeko. Lizarra bixitatuko dute gia baten bidez eta denbora librerako tartea ere izango da.
Interesa dutenek 80 euroan izango dute plan osoa: joan-etorriko autobusa, trufaren museoko sarrera, bazkaria eta arratsaldeko kaxkoko buelta gidatua.
Bestalde, aurreko bixitara etorri zirenei deskontu txiki bat egin diete: «Dagoeneko baditugu 15 bat konfirmatuta aurreko bidaiatik. Base haundia da hori guretzat eta detaile bat eduki nahi izan dugu beraiekin». Lehenengo bidaia 'nobedadea' izan zela azaldu du Zamok, eta beraientzat garrantzitsuena bigarren hau gertatzea dela: «Nahiz eta zenbakietara ez iritsi, egitea».
Sorpresak eta espero gabeko bixitaz inguratuta
San Martin de Unxera bidaia «oso etxeko» esperientzia izan zela azaldu dute. Ekintzale batzuekin batera antolatu zuten, eta lekua eta bertako jendea lehenagotik ezagutzen zuten. Guzti horrek bixita «goxatzen» lagundu zuela diote. «Pentsa, alkatea ere etorri zitzaigun eskerrak ematera!». Turistifikatuta dauden lekuek eskaintza zabalagoa eskaini badezakete ere, esperientzia «hotzagoak» direla diote hernaniarrek. Aldiz, hain masifikatuta ez dauden txokoetara hurbilduz, esperientzia «goxoagoa eta gertuagokoa» bizitzeko aukera dagoela diote. «Horregatik diseinatu genuen horrela lehenengo bidaia», dio Zamok.
«Bitxia» izan zen uztailekoa, sorpresaz eta espero gabeko bixitaz inguratua. Kasualidadez, aguazilaren emaztea izatez hernaniarra zen eta hitz egiten hasi zirenean, taldeko kide bat eta bera aspaldiko lagunak zirela konturatu ziren. «Gazte garaitan ezagutu eta txangoan egin zuten topo bi lagunek; besarkada eta malko artean besarkatu ziren eta oso momentu magikoa izan zen denontzat», kontatu du Txilik.
Arratsaldean ardotegi batera joan ziren. «Ohiko bixita ereduetatik pixka bat aldentzen saiatu ginen, eta duela 100 urte sortu zen kooperatibaz aritu ginen, eta honek herrian izan duen inpaktuaz», azaldu du Zamok. Ondoren, kata musikatua egin zuten bertako musikari gazte batekin. «Etxekoak ginela sentiarazi gintuzten», azpimarratu du Txilik. Herriko jendea ere hurbildu zen haiengana eta akenerako jotero profesional bat zuten alboan eserita.
«Ezagutzen dugun turismo eredutik aldendu nahi dugu»
Lehenengo irteeratik zenbait mantendu nahi badute, hori sustatu nahi duten turismo mota da. Irteera planifikatzeko modua ere ez zen ausazkoa izan, guztia zegoen pentsatuta turismo eredu zehatz bat egin ahal izateko. «Ahal dugun neurrian ezagutzen dugun turismo eredutik aldendu nahi dugu», diote. Eta askotan, «erraza ez den arren», horretan ahalegindu nahi du TxanGOk.
«Gu ez gara agentzia turistiko bat, guk masifikazioetatik aparte lan egiten duen jendea ikustarazteko eta kontaktuan jartzeko aukera ematen dugu», azaldu du Zamok.
Nafarroako txoko despopulatuetan badaude turismoa sustatzen lan egiten duten agentzia ezberdinak, eta hauek arakatzen topatu zuten trufaren museoa. Otsailean egiteko modua iruditu zitzaien. Gauza interesgarri gehiago ere badituzte zerrendan, baina eguraldia dela eta, ez dute arriskatu nahi izan.
Aurrerantzean irteerek ez duten adin tarte zehatzik izango
Azkenaldian bideodei bidez elkartzen dira biak, ideiak lotu eta saltseatzeko. «Guretzako erakargarria dena bilatzen dugu, ondoren jendeari eskaintzeko», diote. Bigarren irteera honetan ez dute adin tartea mugatuko, eta hau izan da aldaketa nagusietako bat. «Bere adinagatik inorri ezezkorik ez diogu esan, baina egia da lehenengo irteeran 50 eta 70 urteko herritarrei zabaldu geniela gonbidapena». Perspektibaz begiratuta eta lehenengo esperientziaren balorazioa osatuta, baliagarria ikusi dute adin tarte ezberdinetako jendea elkartzea, «konexio oso onak sortu dira eta aberasgarria izan da».
«Lagun berriak egiteko joerak eta espazioak behar ditugu»
Gizartea gero eta indibidualistagoa bihurtzen ari denaren sentsazioa dutela azaldu dute, «gure lagun taldean mugitzen gara eta kito», dio Txilik. Proiektuak, errutinatik ateratzeko aukera bat eskaini nahi duela azaldu du Zamok. Generazio bati plan antolatuak eskaini nahi dizkiete, generazio bat, zeina gaztaroan eta zahartzaroaren erdian aurkitzen den. «Gaztetasunak eskaintzen du aukera belaunaldi ezberdinak elkartzekoa, baina hori pixkanaka galtzen doa, begira gu gazteak izanda zein gogorrak garen norbait kuadrilan sartzeko. Joera hori galtzen doa eta adinduen elkarteekin berreskuratzen da joera. Baina tartean, hutsune haundia dago eta hori betetzera gatoz gu».