Batelei ekin diete neska seniorrek ere, traineru denboraldia prestatzeko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 13a

Trainerurako prestaketetan murgilduta dabiltza Hernaniko neska seniorrak.

Pasai San Pedron bi ontzi uretaratu zituen Hernanik maila nagusian, fokua udako sasoian jarrita.

Bost jardunaldi jokatu dira Gipuzkoako Batel Ligan, eta bosgarren horretan ekin zioten lehiari Hernaniko neska seniorrek. Bi ontzi uretaratu zituzten, eta bost talderen artean hirugarren eta bosgarren izan ziren. Fokua, edonola ere, udarako traineru denboraldian daukate jarrita, eta horri begirako prestaketaren baitan ariko dira bateletan: «Taldea oraindik berde xamar dagoen arren, emaitza txukuna izan zen. Pozik amaitu genuen egindako lanarekin», adierazi du Asier Ocon entrenatzaileak. «Trainerua da helburua, eta bateletan parte hartzearen arrazoia da negua ez egitea hain luzea. Beraz, estropada hauek prestaketara bideratuko ditugu, traineruarekin lanean jarraitzeko».

Gazteagoak, berriz, buru-belarri dabiltza batel ligan. Neska kadeteei eta infantilei «'arrankatzea' kosta» zitzaien Pasai San Pedron, baina bikain bukatu zuten estropada. Zortzigarren sailkatu ziren biak, eta datozen asteotan hobera egitea espero dute haien entrenatzaileek.

Beste astebete itxaron beharko dute horretarako. Izan ere, bihar zen jokatzekoa Batel Ligako seigarren estropada, baina bertan behera geratu da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!