Etxe hutseen jabeekin bilera informatiboa, gaur

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 12a

Arratsaldeko 18:00etan jarri du hitzordua Hernaniko Udalak etxejabeekin, udaletxeko areto nagusian.

Hernaniko etxe hutsen jabeak bilera informatibo batera deitu ditu Udalak, gaur arratsalderako. Udaletxeko areto nagusian izango da, 18:00etan hasita.

Bertan aurkeztuko dizkiete, batetik, etxejabeentzako eta alokairurako dauden zerbitzuak; eta bestetik, aurrerantzean etxe hutsei ezarriko zaizkien neurri bereziak. Neurri horiek, hain juxtu, Hernani etxebizitza eremu tentsionatu izendatzearen ondorioz ezarriko dituzte: Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (IBIa) %150eko errekargua eta kanona.

Zerbitzu eta programei dagokienean, azalduko dituzte etxebizitzak alokairura bideratzeko dauden aukerak eta horien abantailak: Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituenak, Udalak Limes inmobiliaria sozialarekin Hernanirako propio sortu duen HutsUnea egitasmoa...

Era berean, Etxebizitza Behatokia ere aurkeztuko diete, eta etxejabeei bertatik eskainiko diz­kieten zerbitzuen berri eman. Etxe­guraren Jabe Solidarioen Sarearen lana ere azalduko diete.

Udalak lehentasun gisa markatu du etxe hutsak merkatura ateratzea, «Hernanin lan egin eta bizi nahi dutenei aukera emateko». Izan ere, azaldu du 700 etxe huts baino gehiago daudela herrian, eta adierazi du «funtsezkoa» dela «etxejabeen partehartzea eta lankidetza, etxebizitzaren erronka sozialari erantzun eraginkorra emateko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!