'Aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboa elkarrekin eraikiz' proiektua jarri du martxan Oinherrik, eta horretan ari da parte hartzen Hernani, Uda Leku elkartearekin, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatearekin, eta Euskal Herriko osoko beste zazpi udalerrirekin batera: Ziburu, Lesaka, Lekeitio, Agurain, Sopela, Markina eta Errenteria. Oarsoaldeko Mankomunitateak ere bat egin du proiektuarekin.
Hernanin bertan egin zuten proiektuaren aurreneko saioa, urtarrilaren 31n, Sandiusterriko aretoan. Egitasmoaren helburua da «identifikatzea herri bakoitzean eskaintzen den aisia eskaintza zein neurritan den hezitzailea, euskalduna eta inklusiboa», eta era berean, ekintza plana gauzatzea «esparru horietan aurrerapausoak emateko».
Horretarako, dagoeneko sortu dituzte «marko teorikoa eta adierazle sistema», aisia hezitzailearen gakoak landuz: «Besteak beste, haurtzaroaren eta nerabezaroaren kultura, partehartzea, ingurumena, kultur aisia, komunitatea, euskalduntasuna eta inklusioa». Gipuzkoako Foru Aldundiaren 'Ideiak' dirulaguntzaren bitartez jarri dute martxan proiektua.