AP-8 errepideak lotune berri bat izango du Galarretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez. Zehazki, autopistarako sarrera-irteera berri bat egingo dute Galarretatik Oriamendira doan errepidetik. Aldundiaren arabera, horrek trafikoa arindu egingo du, eta Donostialdeko loturak hobetu: «Konexio berriak Miramonerako eta Hernanirako sarbideak erraztuko ditu, deskargatuko ditu GI-20 errepidea, Ospitaleetarako igoera eta GI-2132 errepidearen Errekalde-Galarreta zatia, eta hobetuko du ingurune osoaren segurtasuna eta arintasuna». Martuteneko errotondako trafikoa ere arinduko duela uste dute.
«Gaur egun puntu horietan biltzen diren mugimendu asko bideratuko dira autobiderako sarbide berriaren bitartez, eta eremu osoan zirkulazio ordenatuagoa, arinagoa eta seguruagoa lortzen lagunduko dute. Era berean, jarduerak mesede egingo die bereziki egunero parke teknologikora, ospitaleetara eta Hernaniko Galarreta eta Estubegi enpresa eta industria garapenetara doazen pertsona, ikasle eta langileei, eta hobetuko du Donostiaren eta Hernaniren arteko konektibitatea», nabarmendu du Aldundiak.
Eraikuntza-proiektua idazteko lizitazioa, martxan
Egunotan eman du aurreneko pausoa Aldundiko Bide Azpiegituretarako eta Lurralde Estrategiarako departamenduak: eraikuntza-proiektua idazteko lizitazioa atera berri du. Udazkenean espero dute proiektuaren idazketa bukatuta egotea, eta ondoren ekingo dio Aldundiak proiektua garatzeari. 15 milioi euro ingurukoa izango da inbertsioa, eta espero dute bi urteko epean lotunea bukatuta izatea.
Bestalde, proiektuak aurreikusten du Miramonerako bidegorriaren jarraipena eta oinezkoentzat ibilbide bat prestatzea, «mugikortasun jasangarriko alternatibak eta ingurunearen integrazioa indartuz».
Era berean, osatuko du Galarretako «barne trafikoaren berrantolaketa».Izan ere, errotonda berriak eta barne trafiko hori erraztuko duten konexioak egingo dituzte eremu horretan.