Urtero bezala, neguko stock azoka jarriko dute Hernanin: bihar eta etzi izango da, otsailaren 12an eta 13an, printzipioz Plaza Berrin. Eguraldi txarra eginez gero, Atsegindegira mugituko dute.
Berriak elkarteak antolatu du, Hernaniko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin; eta herriko 10 establezimenduk hartuko dute parte: Mahuka, Hiru, Federopticos, Laket, Valen, Dekolanak, Bikas, Urrats, Hoki eta Eukene. Horrela, mota guztietako produktuak izango dira aukeran, eskaintza politekin: «Denboraldiko azken aukerak prezio ezin hobeetan aterako dituzte establezimenduek», Berriak elkartetik aurreratu dutenez. Horregatik, «bertaratu, ezagutu, bazkaldu, erosi eta gozatzeko» gonbitea luzatu diete herritarrei: «Babestu Hernaniko denda txikiak, eta itzuli egunero eskaintzen diguten berotasuna».
Merkataritza Plana osatzeko, telefonoz inkesta herritarrei
Bestalde, Udalak jakinarazi du hasi duela datozen urteetarako Merkataritza Plana garatzeko lanketa. Eta horren baitan, 400 herritarri deituko diete telefonoz, inkesta egiteko. Egunotan hasiko dira deiak egiten, ausaz.
Helburua da herriko merkataritzaren egungo egoera ezagutzea, «bai eskaintzari dagokionez, eta baita eskaerari dagokionez ere». Horregatik, sektoreko establezimendu eta profesionalei ere egingo diete beste inkesta bat. Kasu horretan, saltokiek Udalaren gutuna jasoko dute, inkesta betetzeko argibideekin.
Lortutako informazioa baliatuko dute sektorearen planifikazio estrategikoa egin eta 2030 urtera arteko plangintza eta gida-lerroak definitzeko. Horregatik, adierazi dute «ezinbestekoa» izango dela «herritarren eta profesionalen kolaborazioa».