Asfaltatze lanen eraginez, trafikoan eta autobusetan aldaketak izango dira

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 8a

Bi egunez ezingo da Zinkoeneara zubitik iritsi, itxita egongo baita.

Autobus artikulatuak Hernanitik pasatzeko obrei bukaera emango diete lan horiekin, bihartik ostiralera.

Hainbat asfaltatze lan egingo dituzte Hernanin, datorren astean zehar; eta horiek eragina izango dute, bai trafikoan eta baita autobus zerbitzuan ere. 

Herrigunetik kanpo egingo dituzte lan batzuk, landa-eremuan. Esatetarako, Osiñagako Altuna eta Argindegi baserrietako bideak hormigonatuko dituzte. Baina lan nagusiak Zinkoenean eta Gartzia Goldaratz kalean egingo dituzte, eta horiekin bukaera emango diete autobus artikulatuak herritik pasatzeko obrei. Aurretik, Udaleko Herrilanen saila aritu da Zinkoenean, Elkanon eta Atzietan moldaketak egiten, eta asfaltatze lanak bukatutakoan, herriko kale gehiagotatik pasa ahal izango dira autobus artikulatuak, «orain arte zeuzkaten muga tekniko batzuk gaindituta».

Bihar jarriko dituzte makinak asfaltatu beharreko guneetan, eta asteartetik ostiralera egingo dituzte lanak: aurreneko bi egunetan Zinkoenean, eta hurrengo bietan Gartzia Goldaratzen. Posible da euriak lanak atzeratzea, azaldu dutenez.

Lan horien eraginez, aldaketa nabarmenak izango dira trafikoan, bereziki Zinkoenean lanean ari diren bitartean. Horrela, zubia itxita egongo da, eta ezingo da bertatik Hernanira sartu. Era berean, itxita egongo dira Zinkoeneara iristen diren sarrera guztiak ere. Gainera, norabide aldaketak izango dira hainbat kaletan: Andre kaletik jaisten direnek Kale Nagusian gora atera beharko dute; Txirrita kaletik Orkolagara eta Izpizuara doazenek bakarrik izango dute sartzeko aukera; eta Balantxa kalea bi norabidetakoa izango da, bi egun horietan. Bestalde, Gartzia Goldaratzeko sarrera-irteerak beheko sarreratik egingo dira, eta udaltzainek bideratuko dute trafikoa.

Gauzak horrela, A-15 errepidea erabiltzea gomendatu dute Txantxillatik sartu eta ateratzeko, eta GI-2132 errepidea Sorgintxulotik sartu eta Antziolatik ateratzeko.

 

Autobus zerbitzuan, aldaketak

Trafikoan ez ezik, autobus zerbitzuan ere eragingo dituzte aldaketak asfaltatze lanek, bai Lurraldebusen eta baita Hiribusean ere. Horrela, Txirrita kaleko autobus geltokiak Karabelgo gasolindegi­aren inguruan jarriko dituzte.

Hiribusari dagokionez, linea guztietan izango dira aldaketak. 0 linea ez da Zikuñaga auzotik pasako, eta bertan behera geratuko dira Zikuñaga 28 eta 34ko, Karabel-Akarregiko, Zinkoeneako eta Florida 23ko geltokiak. 1 linean, berriz, Zinkoeneako eta Florida 23ko geltokiak ezabatuko dira egun horietan. Eta 2 lineak, azkenik, ez du geldialdirik egingo Zinkoenean eta Karabel-Akarregin.

Gainera, autobusaren ibilbidea aldatuko denez, jakinarazi dute posible dela ohiko ordutegian atzerapenak izatea.

Udalak bere sareen bitartez zabalduko du informazio eguneratua, egun horietan; eta Lurraldebusen oharrei ere adi egoteko deia egin die erabiltzaileei.

 

Bidebietako parkea, bukatuta

Obrekin jarraituz, bestalde, Udalak jakinarazi du dagoeneko bukatuta daudela Bidebieta plazako jolas parkea berritzeko obrak. Bertako jolasak aldatu dituzte, eta etxetxoa berritu eta margotu. Horrela, iaz hondar-txokoan lanak egin ondoren, parkea erabat berritu dela azaldu dute.

46.839,83 euro bideratu ditu Udalak lan horiek egitera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!