Etxe hutsen jabeekin bilera informatiboa egingo du Udalak datorren ostegunean

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 8a

Bertan aurkeztuko dizkiete etxejabeentzako eta alokairurako zerbitzuak, eta baita hutsik dauden etxeei ezarriko dizkieten neurriak ere.

Bilera informatibo baterako deialdia egin die Hernaniko Udalak, herriko etxe hutsen jabeei. Otsailaren 12an izango da, datorren ostegunean, arratsaldeko 18:00etan udaletxeko areto nagusian.

Bilera horretan, hainbat gairen inguruko informazioa helarazi nahi diete etxejabeei. Batetik, azalduko diete zein diren, Hernanik etxebizitza eremu tentsionatu izendapena jaso berritan, etxe hutsei ezarriko zaizkien aurreneko neurriak: Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %150eko errekargua eta kanona. Eta bestetik, aditzera emango dizkiete etxejabeentzako eta etxe hutsak alokairura bideratzeko dauden zerbitzu eta programak.

Horren baitan, aurkeztuko dizkiete Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen etxe hutsen alokairu-programak eta haien abantailak; eta baita Udalak Limes inmobiliaria sozialarekin Hernanirako propio sortu duen 'HutsUnea' egitasmoa ere.

Era berean, Etxebizitza Behatokiaren berri ere emango dute, eta etxejabeei zein zerbitzu eskainiko dien. Urtarrilean jarri dute martxan Etxebizitza Behatokia, Udalak eta Etxegurak elkarlanean. Etxeguraren Jabe Solidarioen Sareak egiten duen lana ere aurkeztuko dute bileran.

 

«Lankidetza funtsezkoa da erronkari aurre egiteko»

Egunotan jaso du Hernanik eremu tentsionatu izendapena, ofizialki, Estatuko Boletin Ofizialean argitaratzearekin batera. Horren harira, Udalak adierazi du helburua dela «Hernanin lan egin eta bizi nahi dutenei aukera ematea, eta ez etxejabeak zigortzea». Baina Udalaren datuen arabera 779 etxebizitza huts daude herrian, eta horiek mobilizatzeari eman diote lehentasuna. 

«Hernanik gaur egun daukan erronka sozial nagusietakoa da etxebizitza, eta sinetsita gaude etxejabeen partehartzea eta lankidetza funtsezkoak direla egoera honi erantzun eraginkorra emateko», diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!