Iñude eta Artzaien konpartsak hartuko ditu Hernaniko kaleak, gaur eguerdian

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 8a

Iñude eta Artzaien konpartsa, Zinkoeneara iristen, joan den urteko ekitaldian. 24 bikote aterako dira aurten.

Eguerdiko 11:45etan aterako da kalera Urumea ikastolako 130 haurrek osatutako konpartsa, txarangak eta danbor hotsek markatutako erritmora. Musika Bandaren kontzertuak borobilduko du Inauterien estreinako eguna.

Kaldereroek atzo egindako iragarpenari erantzunez, gaur hasiko dira Inauteriak Hernanin. Ohi bezala, Iñude eta Artzaien konpartsak hartuko ditu kaleak, jai koloretsuen estreinako egunean. Urumea ikastolako 130 bat haurrek osatuko dute konpartsa, eta goizeko 11:45etan abiatuko dira, ikastolatik bertatik.

Sandiusterrira egingo dute au­rreneko bisita, eta bertatik Kax­korako bidea hartuko dute. Honakoa izango da ibilbidea, hortik aurrera: Plaza, Andre kalea, Plaza Berri, Kale Nagusia, Zinkoenea, Txirrita kalea, Izpizua kalea, Urbieta kalea, Kale Nagusia eta Plazara buelta. Zenbait tokitan egingo dituzte dantza saioak 48 iñude eta artzaiek, eta Plazan egingo dute ekitaldi nagusia bukaeran: iñudeek daramazkiten haurrei txertoa jarri eta udaletxean erregistratzea. Horretarako, garai bateko pertsonaia sorta zabala izango du konpartsak, beste urte batez: alkatea, udal idazkaria, sendagileak, erizainak, argazkilaria, umezainak, globeroak, piruleteroak, barkilleroak... Danborra jotzen aterako dira 40 ikasle.

Gaurko eguraldi iragarpena ez da nahi bezain ona, eta aurreratu dutenez, euria eginez gero Atsegindegin izango da bukaerako ekitaldia, Plazan beharrean.

Inauterietako aurreneko kontzertua, Musika Bandak

Konpartsak bere ibilbidea eta ekitaldia bukatutakoan, Hernaniko Musika Bandak jarriko dio errematea Inauterien aurreneko egunari. Udaletxeko arkupeetan eskainiko du kontzertua, eguerdiko 13:30etan hasita. Ohi bezala, Tolosako Inauterietako doinuak joko dituzte: 'Galtzaundi', 'Prashkuarena', 'Isabelita', 'Diana'... Baina berritasunak ere izango dira emanaldian. Izan ere, besteak beste, Nino Bravoren eta Raffaela Carráren abestiak joko dituzte, «cha-cha-cha eta balada bat edo besterekin batera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!