Irunen jokatu zen, aurreko asteburuan, Gipuzkoako Neguko Txapelketa. Eta bertan, emaitza bikainak lortu zituzten Hernaniko igerilariek. Bereziki nabarmenak izan ziren Uxue Santxo jubenilak eta Jurdan Zaldua infantilak lortutakoak. Santxo nagusi izan zen 50 metroko bular proban, bigarren 100 metrokoan, eta hirugarren 200 metrokoan. Zalduak garaipena eta Espainiako Txapelketarako minima lortu zituen 200 metro libreetan, bigarren izan zen 50 metroko estilo librean eta tximeleta proban, eta laugarren 100 metro libreetan. Horrela, biek lortu dute Espainiakoan aritzeko txartela. Bikain aritu ziren beste lau taldekideak ere: Axel Etxebeste infantila bosgarren izan zen 100 metro estiloetan; Eñaut Zabalegi juniorra seigarren sailkatu zen 50 metroko bular proban, eta zazpigarren 100 eta 200 metrokoetan; Lur Elkoro juniorra zortzigarren izan zen 200 metro estiloetan, eta bederatzigarren 100ekoan; eta Uxune Otaño infantila aurreneko 20etan sailkatu zen 50 metroko bizkar proban.